Rafa Sainz de Rozas eta Miren Gorrotxategi Gipuzkoako eta Bizkaiko zerrendaburuekin batera izan dira Isabel Salud Ezker Anitzeko idazkari nagusi eta Gipuzkoako zerrendetan seigarren doana, eta Igor Urizar koalizioaren Arrasateko alkategaia Udal hauteskundeetarako. Elkarrekin Podemos herri ekimenentzat bermea dela esan dute, "hortik sortua" delako.
"Herri ekimenak eta langileen borroka horren ondo" ezagutzen dituen Arrasate aukeratu du koalizioak kanpainako ekitaldirako. Sainz de Rozasek adierazi du Elkarrekin Podemos ez dela marketin produktu bat, ezta "partiduen estolderietan aritutakoa" ere; “eskubideak gauzatzeko herri ekimenetik sortutakoak” direla adierazi du. Horregatik, edozein aldarrikapen sozial edo politiko duenak zalantzarik izan beharko ez lukeela adierazi du. Eta gehitu du: "Akats asko egin ditugu, onartzen dugu, baina bando okerrean egotea ez digu inork leporatuko".
Miren Gorrotxategik, bestalde, ohartarazi du "demokraziaren kontrako munstroak" jaio direla bizi dugun koiuntura eta testuinguru sozio, politiko eta ekonomiko nahasi honetan. Eta dei egin die herritarrei hauteskundeetan parte hartzeko. "Guk geuk parte hartzen ez badugu, beste batzuek erabakiko dute gure ordez" esan du.