Elkarrekin Podemos koalizioak Debagoieneko hiru herritan aurkeztuko ditu zerrendak: Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Azken unera arte negoziatzen ibili dira Arrasaten, Ahal Dugu eta Ezker Anitza. Biek dituzte zinegotziak Udalean: Ahal Duguk bi –Baleike Arrasate bezala aurkeztu zen duela lau urte– eta Ezker Anitzak bakarra –Irabazi bezala aurkeztu zen, Equorekin batera–.
Hain justu ere, zerrendako lehen postuak erabakitzeko negoziazioa izan da “gogorra” Ezker Anitzeko kide batek GOIENAri adierazi dioenez. “Azkenean, amore eman dugu interes orokorraren alde” esan du. Igor Urizar izango da alkategaia eta Eba Abuin bigarrena, biak ere Baleike Arrasateko zinegotziak gaur egun; Irabaziko zinegotzi Juan Luis Merino izango da hirugarrena.
Bestetik, Aretxabaletan ez da Iker Carrasco izango zerrendaburua, hasieran GOIENAri koalizioko iturriek adierazi moduan. Rafa Bernal izango dela adierazi dute iturri horiek. Eskoriatzan Salva Gonzalez izango da alkategaia.
Bergaran, banatuta aurkeztuko dira: Irabazi batetik, Aiert Lizarralde gaur egungo zinegotzia izango delarik alkategaia, eta Ahal Dugu bestetik. Azken honetan, Jose Maria Sasieta izango da zerrendaburua. Moreek lehen aldiz aurkeztuko dute zerrenda Bergaran eta diote “bi edo hiru zinegotzi” lortu nahi dituztela.