Debagoienak ordezkaritza izango du Europako Txapelketan

Xabier Urtzelai 2019ko api. 16a, 15:09

Aztiriatik Legazpira doan maldan egingo dute, asteburuan, Europako Txapelketarako puntuagarria den lasterketa. Eta nazioartetik etorriko diren goitibeheren artean egongo dira Oñatiko Ioritz Aranguren eta Gotzon Aranguren aita-semeak, Ion Madina eta Danel Gereta, Unai Biain eta Adrian Perez eta Joseba Igartua. Eta, Aretxabaletako Aitor Perez ere irteera puntuan izango da. 

 "Guk, normalean, ez dugu nazioarteko proba horietan parte hartzen. Euskal Liga barruan hartzen dugu guk esku, baina, nazioarteko lasterketa bat horren gertu dagoela aprobetxatuta eta gure goitibeherek baldintza guztiak betetzen dituztenez, hiru bikote animatu gara", adierazi du Gotzon Arangurenek. Hala, puntako goitibeherekin etorriko diren 84 bikote izango dira nazioarteko lasterketan: "Gureak etxean egindako ibilgailuak dira. Abiadura handia hartzen dugu, baina asteburuan, puntako material arinekin eta teknologia handiarekin egindako goitibeherak batuko dira Legazpin. Saltsa polita egongo da, eta horien ondoan lehiatzea gauza polita da".

 Pneumatika GX kategorian

Hori da gehienen kategoria, pneumatika GX –Joseba Igartuak trike kategorian hartuko du esku: "Gure goitibeherek Euskal Ligako araudia betetzen dute neurriei, segurtasunari eta pisuari dagokienez, eta araudi hori Europako Txapelketakoan oinarrituta dago; horrenbestez, ez dugu arazorik. Guk egindako lanak ez du Europako Txapelketarako balioko, baina eurekin izango gara irteera puntuan". Italiako, Suitzako, Belgikako eta Frantziako pilotuak izango dira, eta Kataluniatik ere pilotu asko etorriko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak