Garesen hasi eta hamar egun eta 2.562 kilometroren ostean, gaur heldu da Gasteizera 21. Korrika. Gasteizkoek bertakoek zein Euskal Herritik joandako milaka herritarrek harrera beroa egin diote Andra Maria Zuriaren plazan, eta han eman dira jakitera bai aurtengo lekukoak eroan duen mezua, baita beronen egilea ere. Maialen Lujanbio izan da bera, eta Klika! Sistema Eragilean aurtengo mezua.
Horren ondoren, AEKren Koordinatzaile Nagusiak, Mertxe Mugikak, hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie 21. Korrika eskuz esku Gasteizeraino eroan duten guztiei, eta gaineratu du edizio honek aro berri bati eman diola hasiera: "Aro berri horrek lan egiteko molde berria ere ekarri behar du, elkarlanean eta lidergo partekatuan oinarritua. Horrela, oraindik ametsak baino ez direnak egia bihurtzeko bidean jarriko ditugu, hizkuntza-politikak elkarrekin eta elkarlanean adostuz, zehaztuz eta ezarriz. Bi urte barru, 22. Korrikan, oraingo Klikek zer eman duten eta zer bide egin dugun ikusteko eta baloratzeko aukera izango dugu".
Euskara unibertsala bihurtzeko bidea markatuta dagoela azpimarratu du era berean: "Ez dakienak ikasteko klika; dakigunok erabiltzeko klika; eragileok antolaketan klika, eta administrazioek erabakietan eta baliabideetan klika. Horixe da gure konpromisoa... Klika gure aukera, Klika AEK, Klika Korrika, klika Euskal Herri euskalduna!
Iñaki Viñaspre Arabako bertsolari txapelduna ere igo da agertokira; eta VTR eta URDURI taldeek dantzan jari dute aurtengo Korrikaren abestiarekin. Horiekin batera, Josune Fernandez dantza-txapeldunak ere hartu du parte ekitaldian.