Igoera fasea jokatuko du Soraluce BKEk

Xabier Urtzelai 2019ko api. 9a, 09:43

Ligako azken partiduko azken segundoetan lortu du Soraluce BKEk igoera fasera sailkatzea, Gipuzkoako txapelketan laugarren postuan sailkatu eta gero: "Berdinketaren gola [21-21] partidua amaitzeko hogei segundu falta zirenean lortu genuen, eta azken jaurtiketan Urnietak ez zuen asmatu, igoera fasean izango gara", dio Josetxo Muniategik.

Apirila amaieran jokatuko dute Euskadiko Txapelketara igotzeko igoera fasea, eta bergararrak saltsa horretan ibiliko dira. Mahoneroek azken partidura arte itxaron behar izan dute helburua lortzeko, baina lortu dute, Munttarpe, Legazpi eta Urnietarekin batera Soraluce BKE ligako goialdean kokatu da, eta igoera faseko txartela lortu dute.

Bergarako jokalariak Urnietan.

 
Azken partidua, infartuzkoa 
 
Bergararrak puntu beharrean joan ziren Urnietara, laugarren postuagatik borroka estua zutelako Eibarko Haritzarekin batera (bi taldeek amaitu dute 26na punturekin). Eibarrek ez zuen Elgoibarren kontra barkatu (26-22) eta horrek mahoneroen partidua baldintzatzen zuen, derrigorrez behar zutelako, gutxienez, puntu bat. Eta baita lortu ere: "Partidu oso gogorra izan dugu. Hasiera batean oso parekatua izan da, lehen hogei minututan 8-7, bi taldeen defentsak ondo moldatzen ziren eta eraso jokaldietan arazoak genituen bi taldeek. Lehen zatiko azken minututan arazoak izan genituen eraso jokaldietan, ez aurrera ez atzera ibili ginen. Bigarren zati hasiera ez zen hobea izan, eta bi taldeen arteko aldea sei goletara handitu zen (15-9)". Orduan, taldeak defentsa gogortu zuen eta markagailuko aldea txikitzen hasi ginen, erasoan ere hobetuz". Halaxe iritsi zen Soraluce BKE partidua berdintzera (19-19), eta azken minutuak tentsio handikoak izan ziren. Urnieta 21-20 aurreratu zen eta bergararrek partidua berdindu zuten norgehiagoka amaitzeko 20 segundo geratzen zirenean.
 
Azken jokaldia geratzen zen, Urnietak zuen baloiaren jabetza, eta atera egindako jaurtiketa zuzenean ez zuten asmatu (21-21): "Urnietara partidua ikustera gerturatu ziren Bergarako zaleei eskerrak eman gura dizkiegu", adierazi du Josetxo Muniategik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak