"Partiduaren bigarren zatian sufritzen ibili gara. Joxek pilotakada gogorrak ematen zituen eta guri defentsa lana egitea egokitu zaigu. Baina Danelek gutxi behar zuen aurrean tantoa amaitzeko, aurrean jokoa nahasteko, eta zorionez txapela irabazi dugu". Ez zen partiduaren gaineko analisi sakona egiteko momentua, Elezkano bera hunkituta azaldu da kamara aurrera, lortutakoa oraindik barneratu gabe. Izan ere, faboritoa ez zen bikoteak irabazi du Binakako Txapelketa, finalerdietako ligaskan kontrario berberen kontra galdu egin zuten horiek, alegia.
Eta partidu izugarria eginda jantzi dute txapela. Gorriak hasieratik jarri dira aurretik, eta urdinak partidua berdintzeko kapaz izan badira ere (10-10 eta 16-16), inoiz ez dute aurrerapausoa eman. Rezustak -bigarren txapela da bergarakoarendako- bederatzi eta erdiko nota lortu du gaur, modu ikusgarrian eutsi dio atzealdeari, sufritzea tokatu denean horretan ibili da buru-belarri, eta hamarrekoa eraman du Elezkanok, momentu batzuetan ardura osoa hartu eta atzelariari ahalik eta atseden handiena ematen ahalegindu da. Lan hori, baina, ez du zentzu barik egin, Irribarriaren buruhauste bilakatu da-eta.
Orokorrean txapelketa ikusgarria egin dute lau pilotariek, baina Rezustak eta Elezkanok tokatzen denean eman dute mahaian kolpea, finalean. Diman jarraituko dute ospakizunek.