"Bosgarren edizioa mugarria da guretako"

Xabier Urtzelai 2019ko api. 5a, 17:48

Apirilaren 14ra begira Mondraitzeko kideak lasterketaren aurretik egin daitezkeen lanak amaitzen dabiltza. Bost urte beteko ditu lasterketak, eta aurtengo berezitasunetako bat da Korrikarekin bat egingo duela: "Herritarrak bi ekitaldietan parte hartzera animatzen ditugu, lo gutxi eginda bada ere".

Duela bost urte mendi lasterketekin maiteminduta zeundeten kuadrilla batu zineten herrian lasterketa propioa antolatzeko. Imajinatzen zenuten bide hau egingo zenutenik?

Bada, seguruenik, ez. Arrasatek lasterketa bat merezi zuela sinistuta geunden lagun talde bat elkartu ginen, eta, bost urteren ostean, hemen gaude. Probak geroago eta oihartzun handiagoa du, eta izen-ematea da adierazle bat, geroago eta azkarrago agortzen dira-eta dortsalak. Neurri handian, lasterketa hau erreferentziazko bilakatu da lasterkari askorendako, eta hori guztia guretako oso pozgarria eta aberasgarria da. Babesleen babesa ere nabarmentzekoa da, eta baita herritarrek lasterketa zelan hartu duten. Batetik, 100 boluntario inguru animatzen dira egunean bertan laguntzera, eta, bestetik, egunean bertan lasterketa ikusten ere jende asko egoten da, kalean, Udalan, Udalatxen...

Ezin dugu esan lasterketa polikipoliki hazten joan denik. Hasieratik egin zenuten apustu sendoa. 

Bai, lehenengo egunetik indartsu hasi ginen, garbi geneukan apustu sendoa egin gura genuela. Eta horretarako ezinbestekoa izan zen proiektuko hasierako pausoetarako bidelagun aproposak aurkitzea, eta gaur egun oraindik gurekin jarraitzen dute. Behin hasierako apustu sendoa eginda, urte hauetan detaileak fintzen joan gara, korrikalariei begira, boluntarioei begira... Azken horiek gabe ezinezkoa da Arrasate-Udalatx antolatzea.

Bosgarren edizio honetarako, ze nobedade dituzue? 

Egia da urteurren hau mugarria dela guretako. Orain arte, urtetik urtera joan gara, baina bosgarren urteurren honetan zerbait berezia egin gura izan dugu. Horretarako, sare sozialetara begira sustapen-bideo bat egin dugu [Goiena.eus atarian dago ikusgai], eta aurreko bost edizioetan lasterketa irabazi dutenak gonbidatu ditugu. Izen guztiak ezin ditut baieztatu, askotan azken ordukoak egoten direlako, baina bi aipatzearren Aritz Egea eta Oihana Azkorbebeitia lasterketan izango dira, mundu mailako lasterketetan aurrean dabiltzanak.

Horrenbestez, txapeldunen arteko lehia antolatu duzue. 

Bueno, bai, izenburu baterako balio du; kar, kar. Dena dela, datorren astean egingo dugu lasterketaren gaineko aurkezpena, eta korrikalari gehiago baieztatu ahal izango ditugu. 

Eurekin batera, ikustekoa da herrian ere zenbat mendi lasterkari dauden, eta ze mailatakoak. Aritz Kortabarria eta Ane Zabala, esaterako. 

Aritz Kortabarriaren erretratu bat erabili dugu, hain zuzen, aurtengo lasterketako kartela egiteko. Eta, gainera, esango nuke bost edizio hauetan Kortabarria podiumaren bueltan ibili dela. Ane Zabalari buruz, berriz, zer esan... Iaz, lasterketa irabazi zuen eta antolatzaileoi ilusio handia egin zigun herrikide bat lasterketa irabazten ikustea. Plazan helmuga gurutzatu zuen momentua oso hunkigarria izan zen.

Asteburu betea izango da: Korrika, Arrasate-Udalatx... 

Arduratu egin ginen Korrika ordu batzuk lehenago Arrasatetik pasako zela jakin genuenean; batez ere, boluntarioei begira. Arrasateko AEK-koekin hartu-emanetan egon gara, eta egia da Arrasaten egun osoko ekitaldia zapatuan izango dela, nahiz eta Korrika goizaldean pasako den. Seguruenik, asteburu horretan lo gutxixeago egingo dugu [Barre], baina herritarrak bi hitzorduetan egotera gonbidatu gura ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak