Garaipena Mondrak, berdinketa Aretxabaletak eta porrota Bergarak; Aloña Mendik borrokan jarraitzen du

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 31a, 19:08

Ohorezko erregional mailako 28. jardunaldiak denetariko emaitzak ekarri ditu. Etxean Bergarak 0-2 galdu du hirugarren postuan dagoen Tolosaren kontra. Mondrak 1-3koa ekarri du Hernanitik, eta Aretxabaletak 1-1 egin du Hondarribian, ligako talde makalenaren kontra. Oñatiarrak dabiltza ondo, erregional preferentean 2-0 irabazi diote Beasaini eta mailaz igotzeko borrokan jarraitzen dute. 

Oñatiko futbol taldeak 2-0 irabazi dio Beasaini. Eta hiru puntu horiei esker txantxikuek (53 puntu) aurrealdeko postuetan jarraitzen dute Lagun Onaken (56) eta Urolaren (57) atzetik. Txarrena bi oilar horiek ere ez dutela barkatzen, oraingo asteburuan ere irabazi egin dute-eta. Partiduko 67. minutuan Unai Gilek egin du 1-0ekoa –jokaldi nahasi batean argi ibilita–. Eta 2-0ekoa gazte mailatik igo eta talde nagusiarekin debuta egin berri duen Xabier Aiastuik egin du. Hala, garaipen horrekin datorren astean liderraren kontrako norgehiagoka finalean bilakatu da.

Ohorezko erregionalean Mondra ondo

Goragoko kategorian Bergara izan da etxean jokatu duen bakarra. Hirugarren postuan dagoen Tolosaren bisita izan dute Juaristiren mutilek, eta mahoneroek talde gaztearekin eta bergararrez osatutakoarekin egin diote aurre. Hala, 60 minutuz indarrak parean egon eta gero tolosarrek korner batean egin dute 0-1ekoa, eta neurri handian hor amaitu da norgehiagoka, ondoren bigarren gol bat etorri bada ere (0-2).

Aretxabaletak, berriz, puntu bat ekarri du Hondarribiatik (1-1). Ez da puntu txarra, batzea delako, baina Hondarribia kategoria galduta daukan taldea izateko, akaso, sari txikiegia izan da. Mondrak, berriz, sailkapenean erditik gora sailkatzeko borroka horretan kontrario zuzen Hernaniren zelaian jokatu zuen zapatuan. Eta, Davilaren mutilek ondo irabazi zuten; Ander Arroyok, eta Sanchez anaiek egin zituzten hiru golak. 

Datorren astean Mutrikuren bisita izango du Mondrak, eta Aretxabaletaren eta Bergararen arteko derbia izango da Ibarran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak