Gasteizen egin beharko du ARTk azken ahalegina (28-38)

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 30a, 19:23

Arrasate Rugby Taldeak 28-38 galdu du gaur kategoriari eusteko borrokan kontrario zuzena zen Bera Bera taldearen kontra. Partidu parekatua izan da, bigarren zatian kanpotarrak 5 puntutara baino ez dira egon zuri-moreek tartea txikitu dutelako, baina jarraian egindako bi entseguk zapuztu dituzte Arrasatekoen asmoak. 

Azken jardunaldira arte borrokatu beharko du ARTk kategoriari eusteko. Baina, kontrarioa, ustez, gaurkoa baino zailagoa izango da, hirugarren postuagatik lehian dabilen Gaztediren zelaira joango direlako: "Baina tgure taldea edozer egiteko kapaz da. Etxean gasteiztarrei irabazteko gauza izan ginen, eta ezustean harrapatu genuen, ez zuten halakorik espero. Errebantxa gogoz daude, eta amorratuta, baina guk gure aukerak izango ditugu. Izan ere, gaur 23 jokalari izan ditugu eskura, eta horrela gaudenean edozertarako gauza da, gozada bat da", adierazi du Igor Isasik partidu amaieran.

"Penatuta gaude gaurko partiduagatik, zalantza bari. Baina amaieran jokalariei eskerrak eman dizkiet erakutsi duten konpromisoagatik, gaur jende asko egon garelako partiduan. Bagenekien korrika gu baino azkarragoak zirela, eta jokoa gure estilora ekartzen ahalegindu gara. Bigarren zatian tartea txikitu dugu, gertu izan ditugu, baina baloi galdu bat aprobetxatu dute min handia egin digun entsegu bat egiteko, eta jarraian lortu dute bigarrena. Partidu ia amaieran Herizek gure alde lortu du azkena, baina jada berandu zen".

Hala, etxekoek astebete izango dute Gasteizko partidua prestatzeko, eta jokalariak errekuperatzeko. Gaztediri irabazita seguruenik mailari eutsiko diote –beste emaitza batzuk ikusi behar dira– eta galduta, azken bigarren postuan sailkatzen badira jaitsiera fasea jokatzeko aukera izango dute maiatzean: "Ondo egongo litzateke kategoriari eustea, datorren urtean junior mailatik hainbat jokalari igoko direlako taldera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak