Alaitz Artolazabal: "Publiko euskaldunarengana iristeko ezinbestekoa da Tokikomeko medioetan agertzea"

Tokikomek, Goiena Komunikazio Taldea kide den euskarazko komunikabide lokalen taldeak, batzar orokorra egin du. Iaz egindakoak errepasatu eta aurrera begirakoen berri eman dute.

2018a urte ona izan da Tokikom taldearentzat eta osatzen duten komunikabideentzat?

Esango nuke orokorrean urte ona izan dela. Alde batetik, komunikabideen arteko kohesioa lantzeko orduan oso lagungarriak izango diren tresna berriak garatu eta aurretik genituen beste batzuk berritu ditugu, eta lan horren lehen emaitzak 2019an ikusiko ditugu.

Bestetik, toki komunikabideen lanak aitortza jaso du hainbat aldetatik: Interneten dugun trafikoa hazi egin da, hainbat toki komunikabidek sariak eta aipamenak jaso dituzte bateko eta besteko sariketetan… pentsa! Euskarazko kazetaritzaren hamar mugarri omendu nahi zituen Rikardo Arregi sarietan, Tokikomeko bost bazkide izan ziren taula gainean sariak jasotzen edo ematen!

Eta ezin ahaztu Tokikomek talde gisa elkarlanaren alde egindako apustua: 2018ko Jardunaldiak EiTBrekin batera antolatu genituen eskuz esku, adibidez. Eta, zer esanik ez, EAEko erakundeekin adostutako finantzaketa eredu berria. Horretan oso garrantzitsua izan da Hekimen-en baitako komunikabideon arteko elkarlana, eta, noski, Hekimenen eta erakunde publikoen artekoa. Lan asko egin da alde guztietatik, baina emaitzak merezi izan du.

Paperekoen produkziorako edizio sistema estreinatu duzue, besteak beste…

Bai, hori da. Paperezko aldizkariak egiteko sistema estandarizatzea da asmoa. Denok tresna berekin lan eginda, askoz errazagoa izango da aldizkarien arteko elkarlana, eta, gainera, gure jarduna profesionalizatzera jo nahi dugu: automatizatu daitezkeen prozesuak makinen esku utzi, sarean eta edonondik lan egiteko aukera eman erredaktoreei, baina baita komertzial, diseinatzaile, zuzentzaile, eta abarri, aldizkari guztiak artxibo komun batean gorde eta eduki horiek txukun eta ordenatuta izan… Azken finean, taldeko komunikabideen arteko sinergiak bultzatu nahi ditugu.

Zenbat hedabide daude Tokikomen barruan? Lurralde osokoak?

Egun, Tokikomen 60 hedabide biltzen dira, irrati, webgune, aldizkari eta telebistak kontuan hartuta, tokiko informazioa eta edukiak lantzen, herri nahiz bailara mailakoak. Euskal Herriko lurralde guztietan diharduten hedabideak biltzen dira gurean. 

2019ra begira, zeintzuk dira asmo nagusiak?

Jardunaldietan Mojo edo kazetaritza mugikorra izan genuen hizpide eta geroz eta gehiago dira gai honetan sakontzen diharduten bazkideak: telefono mugikorren garapenak aukera asko zabaldu ditu berehalako kazetaritza multimedia egiteko, eta badirudi bide horretatik joango dela etorkizuna. Tokikometik ikus-entzunezkoetan jarri nahi dugu fokua 2019an: multimedia materialerako artxibo komun berri bat jarriko dugu martxan, eta berrikuntza proiektu bat ere lantzen ari gara audio eta bideoetatik datuak automatikoki erauzteko. Horrek guztiak, noski, horren inguruko formakuntza eskaintzea ere eskatuko digu.

Bestalde, lehen aipatu dudan moduan, toki komunikabideetako lana profesionalizatzea bultzatu nahi dugu, kazetaritzan zein kudeaketan. Ezartzen ari garen tresna guztien azken helburua da komunikabideen arteko komunikazioa eta lanen jarraipena egitea erraztea. Komunikabide bakoitzak kontrol handiagoa izan dezala bere jardunaren gainean, eta, gainera, tresnak izan ditzala bere burua ingurukoekin konparatu ahal izateko. 

Hauteskundeak bertan ditugu; webguneetan inplementatuko dituzue erreminta berriak datuak erakusteko?

Bai, hori da. Tokikom plataforma berria erabiltzen duten hamazazpi webguneetan atal berri bat irekiko dugu hurrengo egunotan, hauteskundeen tokian tokiko emaitzak ikusi eta batzuk besteekin konparatu ahal izateko. Apirilean eta maiatzean datozen hauteskundeekin estreinatuko dugu tresna, hauteskunde emaitzen berri zuzenean eman ahal izateko, baina, gainera, egunotan gogor ari gara lanean CodeSyntax-eko lagunekin, azken urteotako hauteskundeen datuak ere kargatuta utzi eta, horrela, konparazioak egin ahal izateko. Alderdi bakoitzaren eboluzioa herri batean hauteskunde batetik bestera, eskualdekako zein herrialdekako emaitzak… saltseatzeko tresna interesgarria izango da, dudarik gabe!

Zein da Tokikomen dauden euskarazko tokiko hedabideen pisu erreala, produkzioari edota audientziei dagokienez?

Beti izan dugu intuizioa toki komunikabideak euskarazko hedabideen kontsumoaren zati handi bat direla, eta, begira, orain, Internetek horretarako eskaintzen duen zorroztasunak uste horiek konfirmatzeko aukera eman digu. 2018an, Hekimeneko euskarazko hedabide digitalei egindako bisita guztien %58 toki komunikabideetan egin ziren, %38 orokorretan eta %4 tematikoetan. Tarta horretan, zatirik handiena Tokikomeko komunikabideek dute: 2018an EITB ez beste euskarazko hedabide digitaletara egindako bisiten %48 Tokikomeko komunikabideetara egin ziren.

Produkzioa zailagoa da neurtzen, baina lehen saiakera batzuk egin ditugu estandarizatzen ari garen tresnei esker, eta hor ere gure intuizioak konfirmatzen ari dira. Interneten soilik, Tokikomeko komunikabideek 27.400 artikulutik gora sortzen dituzte urtean, egunean 75, gutxi gorabehera, eta 4.500 bideo eta 3.200 audiotik gora. Produkzio handia da euskaldunona bezalako komunitate txiki batentzat. Edizio sistemari esker, paperezko produkzioa ere laster zenbatu ahal izango dugu zehazki, eta kopuru hauek hazi egingo dira.

Publizitaterako euskarri bikain bilakatu dira?

Goiko datu horietatik guztietatik horixe ondorioztatzen da. Euskarazko hedabideen kontsumitzaileen erdiek Tokikomeko medioak kontsumitzen dituzte. Hau da: publiko euskaldunarengana iristeko ezinbestekoa da gure medioetan agertzea. Zenbakietatik aparte, badakigu, gainera, toki komunikabideek sinesgarritasun handiagoa ematen digutela toki komunikabideoi, eta hori ere oso elementu baliagarria da edozein iragarlerentzat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.