Kulturaren aldeko elkarretaratzeetan itxaropentsu agertu dira azken berriekin

Maialen Regueiro 2019ko mar. 23a, 20:59

Eskoriatzan, Aretxabaletan, Bergaran eta Oñatin egin dituzte, besteak beste, kulturaren aldeko elkarretaratzeak Arteak Ireki ekimenaren bueltan. 

Eskoriatzan antzerkia eta buztinaz osatutako performance bat egin dute eta ondoren, eliza parean adierazpen bat.

Aretxabaletan, berriz, Herriko Plazan hainbat kultur taldetako kideak elkartu dira protesta egiteko. Oñatin ere elkarretaratzea egin dute Foruen enparantzan, eta ondoren, Pako tabernan herriko hainbat musikarik emanaldia eskaini dute. Gainera, Txinparta bertso txapelketako lehen kanporaketa ere ekimen honen barruan sartu dute. Azkenik, Bergaran, Irala kalean musika, dantza eta arte plastikoak izan dira protagonistak, besteak beste. Elkarretaratzea ere egin dute kulturaren alde. 

Itxaropenerako atea zabalik

Taberna eta lokal txikietan kultura ekintzak mugatu gura zituen Jaurlaritzaren dekretuaren kontrako ekimena izan da Arteak Ireki. Dena den, atzo, egubakoitza, Segurtasun Sailetik jakitera eman zuten urtean gehienez hamabi jarduera egitearen muga hori kentzeko bideari hasiera emango diotela. Hori jakinik, "pozik" agertu dira elkarretaratzeetan batutakoak: "Eusko Jaurlaritzatik ailegatu zaigun berriak itxaropenerako ate bat zabaldu du, edo hori ematen du behintzat, eta badugu pozik egoteko arrazoirik", esan du Iker Martinez de Zuazo musikariak Oñatin eta gaineratu du kulturaren aldeko mugimenduetatik egindako presioak fruitua eman duela: "Segurtasun sailburuak esandakoaren arabera hamabi kontzertuko muga araua bertan behera uzteko erabakia hartu dute. Eta hori bakarrik ez. Orain arte ez bezala, hemendik aurrera, arauak eragiten dien sektorearekin hitz egingo dutela ere adierazi dute, eta aukera gehiago izango dugula ekarpenak egiteko".

Bergaran ere itxaropentsu agertu dira, eta gehienez hamabi beharrean "gutxienez hamabi urtean" jaso beharko lukeela arauak adierazi dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak