Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeetarako, EAJren kasuan Joseba Agirretxea izango da zerrendaburua Kongresurako eta Maribel Vaquero Senaturako –oraingoan ez doa Victoriano Gallastegi senatari ohi bergararra–. Vaqueroren lehen ordezko moduan Rafa Uribarren arrasatearra ageri da; bestalde, Mertxe Garmendia izango da Senaturako bigarrena eta horren lehen ordezko Josu Ezkurdia zinegotzi eskoriatzarra ageri da. Kongresurako seiko zerrendan, bestalde, Miren Elgarresta zinegotzi oñatiar eta Diputazioko Berdintasuneko zuzendaria agertzen da lehen ordezko moduan.
EH Bildun, Nerea Zubia zinegotzi oñatiarra –bosgarren– eta Esther Larrañaga –hirugarren– eta Juan Ramon Garai –seigarren– arrasatearrak daude Mertxe Aizpurua buru duen zerrendan. Larrañaga (EA) sailburua izana da eta Garai zinegotzi Arrasaten. Senaturako, Gorka Elejabarrieta da zerrendaburua.
Elkarrekin Ahal Duguren Gipuzkoako zerrendaburua Kongresurako Pilar Garrido izango da; zerrenda ixten joango da Ezker Anitza-ko koordinatzaile eta azken legealdi honetan Espainiako Kongresuan diputatu izan den Isabel Salud bergararra.
Sozialistei dagokienez, Espainiako Senaturako lehen hautagaia Miren Gallastegi eibartarra eta Antzuolako alkategai eta gaur egungo zinegotzi dena izango da. Kongresurako, Odon Elortza da zerrendaburua.
Eta Pablo Casadoren PPk lehen lerrorako berreskuratu du Gipuzkoako alderdikideek baztertu zuten Iñigo Arcauz, Donostiako zinegotzi ohia. Hala, Espainiako Diputatuen Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua izango da Arrasaten jaiotakoa.
Elkarrekin Ahal Dugu, batera?
Udal eta foru hauteskundeetan, Markel Olano izango da EAJren diputatugai nagusia eta Deba-Urola barrutian, Maria Eugenia Arrizabalaga zerrendako burua eta Aintzane Oiarbide hirugarrena. Zerrendan, Xabier Otxoa aretxabaletarra ageri da zazpigarren eta Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea hamalaugarren, zerrenda ixten.
EH Bilduri dagokionez, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia izango da diputatugai nagusia. Deba-Urola barrutitik, berriz, Mikel Biain izango da zerrendaburua; laugarrena, Aittor Arantzabal bergararra eta seigarrena Iker Intza bergararra.
Foru hauteskundeetarako ez da debagoiendarrik ageri PSE-EEren zerrendako lehen postuetan. Bestalde, oraingo astean eman dute aditzera sozialistek Debagoieneko alkategaiak: Arrasaten, Oscar Garcia; Bergaran, Alberto Alonso; Oñatin, Aitziber Fernandez; Aretxabaletan, Miren Lorea Lana; Eskoriatzan, Anabel Legaz; Antzuolan, Miren Gallastegi, eta Elgetan, Elias de Castro. Aramaion eta Leintz Gatzagan ez dute zerrendarik aurkeztuko.
Elkarrekin Ahal Duguk joan zen astean eman zuen aditzera batera aurkeztuko direla udal eta foru hauteskundeetara. Eskualdeko herri nagusietan aurkeztuko dira, Oñatin izan ezik, eta Antzuolan zerrenda osatzeko "ahaleginetan" ari dira. Elgetan, Aramaion eta Leintz Gatzagan –alderdi batek ere ez, ez du aurkeztuko zerrendarik– ez dute aurkeztuko zerrendarik. Oraingoz, esku artean darabilte Igor Urizar (Ahal Dugu) izatea Arrasateko alkategaia, baina negoziazioa ez dago itxita eta Ezker Anitzak bere hautagaia nahi du zerrendaburu. Ados jartzen ez badira bananduta aurkez daitezke: Ahal Dugu eta Irabazi (Ezker Anitza eta Equo). Bergaran bananduta aurkeztuko dira. Ahal Duguk oraingo astean iragarri du Jose Mari Sasieta izango dela zerrendaburua. Irabazik egungo zinegotzi Aiert Lizarralde aurkeztuko luke zerrendako buru. Dena den, batera aurkezteko "negoziatzen" daudela esan dute bi aldeek, nahiz eta seguruen aparte aurkeztu.