Edukien artxiboa eta multimedia dira Tokikomen hurrengo erronkak

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 23a, 09:08

Jone Guenetxea presidentea argibideak ematen Tokikomeko bazkideei. Argazkia: Tokikom.

Tokikomek, euskarazko toki komunikabideek osatutako taldeak, horien artean Goiena, batzar orokorra egin zuen atzo, Eibarren. 2018ko balantzea eta 2019ko kudeaketa plana onartu zituzten han.

Toki komunikabide txikien kohesioa lantzeko egindako eta egiteko asmoa dauden lanak goraipatu zituen batzarrean Jone Guenetxeak, Tokikomeko presidenteak. Besteak beste aipatu zituen, 2018an paperezko aldizkarientzako edizio sistema bateratua inplementatzeko egindako lana, eta 2019an martxan jartzeko asmoa dagoen Tokimedia multimedia zerbitzari komuna. Horrez gain, Guenetxeak "txalotu" eta "eskertu" egin zuen, Tokikomek EAEko erakundeen diru-laguntza eredu berria lantzen egindako lana, "toki komunikabideon lana nabarmentzen eta balioan jartzen".

Tokikoen garrantzi estrategikoa

Bestetik, Alaitz Artolozabalek, Tokikomeko zuzendariak, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatu zuen: "Tokikomeko komunikabideok Hekimenen barruan dauden medio digital guztien trafikoaren %41 eragin genuen 2018an, eta horrek argi uzten du gure garrantzi estrategikoa".

Tokikomen 2019ko erronka nagusia bazkide dituen komunikabideen arteko kohesioa lantzea eta hori errazteko tresnak garatzen jarraitzea izango da. Hala, indar berezia jarriko du, besteak beste:

  • Paperezko argitalpenentzako edizio sistema bateratua hedatzen eta hark posible egiten duen artxibo bateratua ustiatzeko aukerak aztertzen.
  • Medio digitalentzako Tokimedia artxibo multimedia bateratua abiatzen, argazkiak eta multimedia materiala modu koordinatuan artxibatu eta ustiatzeko.
  • Toki komunikabideen eta 2018an sortutako Ttap aldizkari digitalaren arteko eduki jarioa sustatzen.

Batzarra amaitzeko, Urola-Kosta bailarako toki komunikabideek emandako pausoa aipatu zuten. Urtetako saiakeren ondorioz, eskualde horretako hainbat komunikabidek bide komuna adostu eta eskualde mailako egitura bakar batean batuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak