Beñat Arnaiz: "Penaz, baina ezin izango dut txapela defendatu"

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 22a, 12:00
Beñat Arnaiz –ezkerrean– 2016an, orduan podiumera igozen. 2017an, berriz, irabazi egin zuen.

Bihar, zapatua, 16:00etan hasita, Oñatiko duatloiaren 27. aldia jokatuko dute. Distantzia motzeko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa izango da, eta puntako atletak izango dira irteera puntuan. 2017an lasterketa irabazi zuen Beñat Arnaiz zen faboritoetako bat, baina aretxabaletarra ez da irteera puntuan egongo. Duela hilabete Lizarran egindako lasterketatik errekuperatu ezinda dabil Arnaiz. 

Zer moduz zaude?

Penatuta, zapatuan ez naizelako niretako horren berezia den lasterketako irteera puntuan egongo. Egutegian gorriz neukan markatuta Oñatiko duatloia, baina ez nago ondo, ez nago lasterketa bat egiteko moduan.

Zer duzu, bada?

Uste dut mononukleosiak jota nagoela ostera ere. Analisi batzuen emaitzen zain nago, baina sintoma hauek ondo ezagutzen ditut, kirol apur bat egin eta lur jota geratzen naiz.

Duela lauzpabost urte arazo bera izan zenuen.

Bai; ez dakit ostera ere makal harrapatu nauen edo... Duela hilabete Lizarran egindako lasterketaren ondoren [irabazi egin zuen] hasi nintzen konturatzen ez nengoela ondo; lasterketaren ostean, bazirudien kamioi bat gainetik pasa zitzaidala. Ordutik, ezin izan naiz ondo entrenatu, nekatuta nabil. Lasai errekuperatzeko asmoa dut, atleta baten egunerokotasunetik apur bat aldenduta.

Zer du Oñatiko lasterketak?

Oñatin egiten duten guztia berezia da, San Silvestre probatik hasita, eta duatloia mimoz prestatzen dute. Niretako, erreferentziazko lasterketa da.

Parte-hartze polita izango du ostera ere aurtengo probak.

Maila oso ona duten atleta gazteak nabarmenduko nituzke; adi horiekin. Ruben Ruzafa egongo dela irakurri dut, hainbatetan kros triatloian munduko txapeldun izan dena, badakit Araba-Tri taldetik ere atleta onak datozela... Polita izango da.

OHARRA:

Goizean gaztetxoen esku egongo da motorrak berotzen hastea. Hala, benjaminen, alebinen eta infantilen lasterketak egingo dituzte, 10:30ean hasita. Lehenengo, benjaminen txanda izango da, 10:50ean abiatuko dira alebinak eta 11:30ean kadeteak; probako distantziak adinaren araberakoak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak