Maila gorenera igo da Arrasate Arlutz taldea

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 22a, 09:26
Arrasate Arlutz taldea osatu duen boskotea, azken jardunaldian. Argazkia Txema Hernando.

Datorren urtean Ohorezko Mailan jokatuko du Arrasateko eta Aretxabaletako xakelariekin osatutako taldeak, ligan bigarren sailkatu eta gero: "Arrisku apur bat badu lorpen horrek, maila horretan jokatzea gogorra da eta", dio Aitor Alkaidek.

Arrasate Arlutz xake taldea maila gorenera itzuliko da ostera ere. Lehenengo Mailan debagoiendarrak bigarren sailkatu dira, Easoren atzetik, eta postu horrek kategoriaz igotzeko eskubidea emango die: "Badakigu kategoria horretan jokatzea zer den, lehenago ere, urtetan, hor ibili izan garelako. Batetik, ohorea da gurea moduko klub txiki bat onenekin batera ikustea, baina kontuan izan behar dugu xakelari profesionalak izango ditugula aurrean, eta, gainontzeko kirol jardueretan moduan, xakean motibazioa oso garrantzitsua da. Bada, datorren urtean puntu bakoitzagatik gogorrago borrokatu beharko dugu, eta kontziente izan beharko dugu partida asko galduko ditugula", dio aurten taldeko boskotea osatu duen Aitor Alkaidek. "Beraz, ez dugu esango mailaz igotzeko sariak pozoia duenik, baina bai, urte gogorragoa izango dugu aurrean, seguru".

Aretxabaletako jokalariarekin batera Arrasate Arlutz osatu dute Miguel anaiek, Asier Etxagibelek eta Txema Hernandok: "Taldean, diferentzia handiarekin, Miguel anaiak dira onenak, eta lehenengo taulan jokatzen dute. Hori gogorra da, desgaste handia egoten da. Bada, aurten txandaka jokatu izan dute, eta datorren urtean gehiago jokatzeko konpromisoa hartu dute". Izan ere, datorren urtean Sestao, Gros eta halako klubak izango dituzte aurrean: "Nazioarteko maisuak dituzte talde horietan, xakean buru-belarri dabilen jendea. Eta jende horren kontra jokatzea gogorra da, baina, aldi berean, motibagarria".

Erregulartasunaren saria 

Kategoriaz igotzeko taldeak aurtengo ligan erakutsitako erregulartasuna erabakigarria izan da: "Egia da jardunaldi batean ere ez dugula alde handiagatik irabazi, baina bederatzi jardunalditan inor ez da izan kapaz gu garaitzeko, ez dugu partidarik galdu, eta, guztira, bost partida irabazi eta lau berdindu ditugu; hor egon da gakoa".

Izan ere, talde moduan Arrasate Arlutzek ez du jardunaldi txarrik izan: "Gutako batek asteburu txarra izan duenean, gainontzekoen lan onak estali du makalaldi hori, eta ez da apenas igarri. Hala, talde moduan ez dugu asteburu txarrik izan, eta horri esker iritsi ginen azken jardunaldira lehenengo postuan". Hain zuzen, joan den asteburuan Conteneo taldea izan zuten aurrean, eta 2-2 izan zen emaitza. Aldi berean, Easok izandako asteburu borobilak –3,5-0,5 egin zuten azken-aurreko postuan zegoen Oberena B taldearen kontra– lehenengo postua eman dio talde donostiarrari, eta debagoiendarrek, azkenean, bigarren postuan amaitu dute. Hori horrela, puntu erdiko aldea baino ez da egon bi taldeen artean: Easok 21,5 puntu batu ditu eta 21 puntu, berriz, Arrasate Arlutzek. Kategoriaren parekotasuna erakusten du, baita ere, puntu kopuru bera izan dutela Gros B taldeak eta Conteneok: "Azken jardunaldian bagenekien, emaitza edozein zela ere, ondoren afaltzera joango ginela", dio, barrez, Alkaidek. Hala, guk berdindu egin genuen, eta ondoren izan ziren karanbola batzuen ondorioz bigarren sailkatu gara".

Datorren urtean, itsutu barik 

Arrasate Arlutzek 2020ko urtarrilean hasiko du hurrengo liga txapelketa; hain zuzen ere, urtarrileko bigarren asteburuan hasten dituzte ligak, eta Ohorezko Mailan jokatu izanagatik ez dute filosofiaz aldatzeko asmorik: "Ez dugu presiorik gura, gozatzeko asmoz eta aurrean izango ditugun maisu handien aurrean ahalik eta gehien ikasteko esperantzarekin gaude".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak