Ekintzailetza sustatzen duen Elkarrekin Ekin programa, abian

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 22a, 10:22

Bigarren edizioa du Mondragon Team Academyk, MU-k eta Oñatiko Udalak elkarlanean sorturiko egitasmoak. Izan ere, iazko arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute. Lehen saioa astelehenean izango da, bi adituren hitzaldi bat, hain zuzen.

Iaz jarri zuten martxan Elkarrekin Ekin programa Oñatin, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute.  Helburua da ekintzaileen komunitate bat sortzea. "Jende asko dago iniziatiba askorekin, ideia pila batekin, eta negozio berriak martxan jartzeko asmoarekin. Elkarrekin Ekin egitasmoaren helburua da jende hori elkartzea, haien beharrak zeintzuk diren aztertzea, eta behar horiei erantzunak ematean saiatzea, ideiak proiektu bihurtzeko, edota negozioari buelta bat emateko", azaldu dute Aitor Garciak eta Begoña Ugartek, Mondragon Team Academyko kideek.

Ekintzaileei zuzendutako egitasmoa da, baina, oro har, Debagoieneko herritar guztientzako interesgarria izan daitekeela uste dute. "Edozein ideia daukan pertsona bat, kultur talderen bat, dagoeneko negozio bat martxan duen edonor eta abar gerturatu daiteke guregana. Programa honekin lagunduko diegu buruan daukaten ideia hori gehiago zehazten edota gauzatzen. Azken batean, helburua da merkatuaren eta herritarren beharrak bateratzea".

Astelehenean, lehen saioa

Bi adituren hitzaldiarekin hasiko dute programaren bigarren edizioa, astelehenean –martxoak 25–. Hala, Juanjo Brizuela branding adituak eta Arantza Etxebarria Alma Shops enpresaren fundatzaileetako batek MU-ko enpresagintza fakultatean hitzaldia eskainiko dute, 14:00etan. Ostean, Ideien Garapen Prozesua abiatuko dute martxoaren 27an –sei saio izango dira guztira–. Izena emateko, 669 976 784 telefonora deitu edo elkarrekinekin@gmail.com helbidera idatzi.

"Animatu zaitezte"

Antolatzaileek debagoiendar guztiak animatu gura izan dituzte saio hauetan parte hartzera. "Iaz arrakasta handia izan zuen, jende asko hurbildu zen. Kasu batzuetan, gainera, hasierako ideiei buelta handia eman zieten parte-hartzaileek. Hainbat ekintza egiten ditugu jendea inspiratzeko, eta gauzak errazten saiatzen gara. Animatu zaitezte!", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak