Juan Karlos Izagirre diputatu nagusigaiarekin batera elkartu dira Gipuzkoako lau barrutietako zerrendako hainbat kide. Pozik agertu da Izagirre talde "anitza, orekatua eta sendoa" egitea lortu dutelako: "Gipuzkoako desorekei aurre egiteko guztiz prestatuta dagoen jendez osatutako taldea. Gipuzkoarren gehiengoak dituen premia eta aspirazioei erantzungo dien taldea".
Deba-Urolako zerrendan hiru debagoiendar daude: burua da, Mikel Biain Berraondo (Oñati, 1977); laugarrena, Aitor Arantzabal Altuna (Bergara, 1968); eta seigarrena, Iker Intza Ortiz de Zarate (Bergara, 1987).
Donostialdeko burua Juan Karlos Izagirre Hortelano (Igeldo, 1963) da, eta laugarrena debagoiendar bat, Eneritz Otamendi Goñi (Eskoriatza, 1981); Bidasoa-Oiartzun barrutiko zerrendaburua da, Lohitzune Txarola Gurrutxaga (Donibane Lohitzune, 1977) eta Oriakoa, Marian Beitialarrangoitia Lizarralde (Legazpi, 1986).
"Politika beste era batera" egitera
Baliabideak dituen herrialdea dela Gipuzkoa esan du Izagirrek, baina oraindik asko duena hobetzeko. Horregatik Gipuzkoar guztiak kontuan izango dituen Aldundiaren alde egin du: "Lehenengo eta bigarren mailako gipuzkoarrik gabekoa, inbertsioak lurralde osoan orekatuko dituena eta ez denak toki berean".
Aurkeztutako taldeak argi duela ekonomia pertsonen zerbitzura jarri beharraren garrantzia aipatu du: "Sektore guztien arteko oreka lortzea baitugu jomuga. Mikroenpresa edo enpresa txikiak dira kaltetuenak eta laguntza berezia behar dutenak". Eta menpekotasunak dituztenei eskainitako zerbitzuak hobetzearen alde ere egin du.
Politika beste modu batetara egin behar dela gaineratu du "jendearen iritzia" kontuan izanik: "Talde honek argi du, pertsonak erdigunean jarri behar ditugu! Eta horretarako herri eta auzoetako gipuzkoarrekin adostutako proiektu estrategikoak babestu behar ditugu".