Aitor Sarasuak egindako ekarpenaren tamainako ikuskizuna Aretxabaletan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 17a, 10:00

Senitartekoendako eta lagunendako eguerdian egindako ekitaldiaren ostean Ibarra kiroldegian elkartu ziren arratsaldean makina bat lagun Hegotik Iparrerantz ikuskizunaz gozatzeko. Goiena telebistak oso-osorik jaso zuen ekitaldia eta asteburuan emango du.

Iragarri moduan kantuak, bertsoak, errezitaldiak eta antzerkia batu ditu Hegotik Iparrerantz ikuskizunak. Mixel Ducau, Caroline Phillips, Anje Duhalde, Mixel Beheran eta Xebastian Sedez musikariek, Miren Artetxe, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek eta Ildoka antzerki taldeak egin dute lagun eta lankide izan zuten Aitor Sarasua bertsolariaren omenezko ikuskizuna.

Haren sorkuntza oinarri hartuta egin zuten hegaldia, atzo, Ibarran eta bete egin zen kiroldegia. Artista bakoitzak bere tartea izan zuen eta Sarasuaren testu batzuk ere errezitatuko zituzten. Publikoak gogoz txalotu zituen emanaldi guztiak, eta harrera bereziki beroa izan zuen Sarasuaren lagun talde batek emanaldirako propio prestatutako dantza saioak. Dantzari dantza egin zuten lehenengo eta muxikoak jarraian.

Ekitaldiari amaiera emateko, berriz, Aitor Sarasuak idatzitako bertso sorta bati ipinitako musikarekin egindako kantua abestu zuten oholtza gainetik hainbat senitartekok eta lagunek.

"Guretzat egun polita izan da", adierazi zuen ekitaldi amaieran Aitorren anaia den Xabier Sarasuak. "Zain geunden, eta jende askok parte hartu du. Herritarrek antolatutako ekitaldia izan da, parte hartzaile pribilegiatuak egon dira, eta parte hartu du Iparraldeko jendeak, bertakoak eta egon dira oroitzapenak... Oso polita eta berezia izan da. Aitorrek bere bizitzan gauza asko egin zituen. Asko idatzi eta asko sortu zuen, eta guretzako gaur oroitzapen horiek ekartzea eta kantuetan ikustea, eta beste batzuen ahotan entzutea gauza polita eta gogoan edukitzekoa izan da".

Antolatzaileak eta parte-hartzaileak ere pozik

Pozik ziren ekitaldi amaieran bai antolatzaileak bai parte-hartzaileak. "Erantzuna ederra izan da eta aurreikuspenak bete ditugu. Oholtzara begira ere gustura gelditu gara buruan genuena irten delako. Talde lana izan da eta lanean oso ondo aritu gara. Hori ikusi dela uste dut", adierazi du Ekaitz Filarmendik. "Aitor pertsona erreferente bat zen, eta gaurkoarekin beste puntu batetik ezagutzeko aukera ere izan da; izan ere, oholtza gainera eraman dugu berak sortutako hori guztia. Hori izan da ekitaldi honek izan duen magia".

Urteetan Aitor Sarasuarekin batera lan egindako Mixel Ducau ere pozik zen ekitaldiak emandakoarekin. "Guk musikariok behar ditugu horrelako olerkariak, eta Aitor gainera gure etxetik hurbil bizitzen zen. Izugarrizko plazera izan da beti, eta miresgarria da nola ideia bat emanda sortzen zuen olerki oso bat eta bertso oso ederrekin gainera". Mixel Ducau-k eta Caroline Phillips-ek berehala eman zuten baiezkoa ekitaldian parte hartzeko gonbidapenari. "Oso gustura egon gara gaurko ikuskizunean. Une garrantzitsua izan da denontzat, eta Aitorren memoriarentzat. Denak elkarrekin ginen eta gaur zerbait polita egin dugula uste dut", esan du Ducau-k.

Musu-truk hartu dute parte ikuskizunean artista guztiek. Sarrerekin jasotako dirua Sendabide elkartearen bitartez bideratuko dute VHL sindromearen ikerketarako.

Erlazionatuak

'Hegotik Iparrerantz', argazkitan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019 mar 17 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak