Eider Merinok irabazi du Gorlako Igoera

Julen Iriondo 2019ko mar. 16a, 20:01

Goizean gazte mailako mutilen lasterketa jokatu eta gero, nesken txanda izan da arratsaldean. Gazte, 23 urtez azpiko eta elite mailetako 76 txirrindulari izan dira irteeran, eta Espainiako txapelduna ere baden balmasedarra izan da garaile. Ez du aurkaririk izan Gorlako maldetan gora.

Irala kaletik abiatu dira txirrindulari nagusienak, eta Osintxutik eta Zubillagatik joan-etorria egin eta gero, Bergaran gazte mailako txirrindulariak batu zaizkie. Beste joan-etorri bat lautadan, eta Gorlako mendatea amaitzeko.

Behean egindako kilometroetan, gerora garaile izango zenaren taldeak, Movistarrek, kontrol lana egin du. Ihesaldiak izan dira, baina arriskutsuak ez ziren neskenak; eta aurretik izan direnei ez diete, gainera, minutu bat baino gehiago hartzen utzi.

Honela, mendateko aurreneko maldetan taldetxo bat zihoan lasterketa buruan, baina berehala tropela, eta han Merino. Bere erritmoa jarri eta aise gainditu ditu aurretik zituen guztiak; bakarrik egin du igoeraren zati handiena.

Mendate gogorra da Gorla, eta bakoitza bere lekuan jartzen du; honela, banaka-banaka helmugaratu dira aurreneko sailkatuak: Merinoren atzetik, Bizkaia Durango taldeko Nicole d'Agostin italiarra 25 segundora –23 urtez azpiko onena– eta honen taldekide Doris Schweizer suitzarra 2 minutu eta 30 segundora. 

Gazte mailan, Ines Cantera espainiarra izan da nagusi.

Taldekako sailkapenetan, Moreaga taldea izan da onena gazte mailan eta Bizkaia Durango nagusietan.

Debagoiendarrei dagokienez, gazteetan Garazi Estevez izan da onena, seigarren, eta Ainhize Barrainkua nagusietan, hamargarren –biak Aretxabaletakoak–.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak