Soraluceko lau eta erdiko txapelak Gutierrezendako eta Salaberriarendako

Atzo, martitzena, iluntzean jokatu zituzten Bergaran Soraluce lau eta erdiko txapelketako finalak, eta urtero moduan, hitzorduak jende asko batu zuen harmailetan. Promesen mailan errioxara joan zen txapela, Sergio Gutierrezek 22-15 irabazi zion-eta Josu Agirreamalloari. Nagusien partidua ez zen horren lehiatua izan, Iraitz Zubizarretak sei tanto baino ez zizkion egin Iker Salaberriari.

"Ez nuen uste partidua halako aldearekin irabaziko nuenik, finalerdietan ia-ia kanpoan geratu nintzen-eta. Gaur, baina, gustura ibili naiz. Partidua ez dut batere ondo hasi eta lehenengo minutuetan Zubizarreta gehiago izan da, baina gero buelta eman diot norgehiagokari. Oso pozik nago, ez nago lau eta erdian jokatzera ohituta, eta hau ez da edozein txapelketa", adierazi zion GOIENAri nagusien mailan torneoko irabazle Iker Salaberriak. 

Arratsaldeko bigarren partiduan, lehenengoan moduan, jende ugari batu zen harmailetan. Norgehiagoka ez zen ordu erdira iritsi, partida bizia eta azkarra izan zen. 0-2 galtzen hasi zen Zubizarreta, 6-2 irabaztera pasa zen ondoren eta hortik aurrera sekulako erakustaldia eman zuen Salaberria goizuetarrak. Sakatu egin zuen ondo –zortzi tanto egin zituen sakearekin–, eta hurrengo pilotakadekin ere tanto asko lortu zituen, nagusitasun handia erakutsiz. Zubizarretak ezin izan zituen bere dohaiak erakutsi, atzokoan Salaberriari jokaldi denak ondo atera zitzaizkion-eta. 

Promesen mailan, 15nako berdinketara arte, parean

Promesen finala txapelketako partidurik gogorrenetakoa –eta ederrenetakoa– izan zen. Bi pilotariak maila handian aritu ziren, eta finalera gerturatutako zaleen txaloak merezita jaso zituzten. Ondo jokatutako tantoak jokatu zituzten eta baita ondo amaitutakoak ere. Errioxarrak, Sergio Gutierrezek, erritmo bizia jarri zuen eta Josu Agirreamalloak 15 tantotan eutsi ahal izan zionj erritmo horri (15-15). Ikusitakoak ikusita, bazirudien emozio handiko partidu amaiera izango zela, baina berdinketa horretatik aurrera Gutierrezek azeleragailua sakatu eta ia dena egin zuen ondo. Eta horren aurrean, bizkaitarrak ez zuen erreakzionatzeko gaitasunik izan (22-15).