Omenaldiaren ostean, Eskoriatzara abiatu dira herritarrak, Aresko emakumeen saski eskola jartzen zuen pankarta eskuetan hartuta. Hara heltzean, Lidia Garciaren yoga ikasleek omenaldi hunkigarria egin diote, pasillo bat egin, eta yoga posizio ezberdinez osatutako koreografia batekin. Oihana Arana bertsolariak bertso bat eskaini dio –Elexpururi ere bai Aretxabaletan–, eta ostean hainbat opari egin dizkiote, tartean plaka bat ere bai, Joserra Zubizarreta alkatearen eskutik jaso duena. Azkenik, talde argazki bat. atera dute. "Ez nuen espero ezer handirik antolatuko zidatenik. Kirol elkarteko kideek abisatu zidaten, baina ez nuen pentsatzen hainbeste ikasle etorriko zirenik. Gasteiztik, Leintz Gatzagatik, Bergaratik, Arrasatetik eta Eskoriatzatik bertatik. Sorpresa handia hartu dut, oso sorpresa pozgarria. Malkoak atera zaizkit, oso hunkigarria izan da. Nik uste dut mundu guztiak merezi duela halako omenaldi bat, baina gaur niri tokatu zait. Hainbeste jende ezagun ikustea oso polita izan da", adierazi du.