Sarrera guztiak agortuta zeudela egin dute gaur iluntzean Aretxabaletan Fun Dantz! kaleko dantzen lehiaketa. Bosgarren aldia izan da aurtengoa, eta antolatzaileen esanetan maila hobetzen doa urte batetik bestera. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 18 taldek hartu dute parte bertan aurtengoan, denak ere Bilbon jokoan egongo den BreakOnStage jaialdirako txartelaren bila.
Parte-hartzaileen artean egon da debagoiendarrik, Bergarako Camden Town akademiako lau taldek hartu dute-eta parte: gazteen mailan, Be Yourself, Grasshopper eta 90's Feeling taldeek; eta helduen mailan, Free Souls taldeak.
Sariak
Talde bakoitzak hiru minutu inguruko dantzaldia eskaini du, etengabe ikusleen animo eta txaloak jasoaz, eta ondoren eman da jakitera epaileen erabakia, haien esanetan, zaila izan dena.
Helduen mailan, lehen saria eta Bilboko jaialdirako txartela B-Breath taldearentzat izan da; eta bigarren postua, Elements taldearena. Gazteen mailan, Fidias.We.Are izan da talde onena, eta Soul Breath hirugarrena. Kategoria horretan, gainera, talde irabazleari bakarrik ez, Feel The Sound taldeari ere eskaini diote Bilbon parte hartzeko aukera. Sari barik geratu arren, Debagoieneko lau taldeek ikuskizun ederra eskaini dute.