Partidu estua eta lehiatua, baina garaipena etxean

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 9a, 23:48
Jon Irizar, jaurtiketa batean.

Ugeraga taldearen bisita izan du gaur Fagor Industrial Aloña Mendik Zubikoan, eta behar baino gehiago sufritu arren, bi puntuak etxean geratu dira (32-27). Garaipen honekin, Euskal Ligako Igoera Fasea jokatuko dute Aitor Aranbururen mutilek, hirugarren urtez jarraian.

Partidurako berotzen ari zela, Aitor Billarrek min hartu du, eta, lehenaz gain, baja garrantzitsu batekin ekin diote oñatiarrek partiduari -Andoni Bernal eta Jokin Ugarte ere min hartuta daude-.

Lehen zatia oso lehiatua eta orekatua izan da, eta oñatiarrei kosta egin zaie partiduan behar bezala sartzea. "Aitorren bajarekin hankamotz gelditu gara, eta kontuan izanda haiek esperientzia handiko taldea direla, partidu gogorra izan da, txoke askokoa", dio Jon Irizar talde oñatiarreko jokalariak. Hala ere, atsedenaldira aurretik joan dira (16-14). 

Bigarren zatiko lehen erdia ere antzekoa izan da, "azken 10-15 minutuetara arte". Gero, erasoan asmatu, eta bost goleko aldearekin irabazi dute Aranbururen jokalariek: 32-27.

Aipatzekoa, baita, Asier Ibaberen lesioa. Orkatila bihurritu du oñatiarrak, eta taldeak animoak bidali dizkio Facebook sare sozialaren bitartez. "Animoak eta besarkada bat eman nahi dizkiogu Asier Ibabe jokalariari. Lehen zatian orkatileko lesioa izan du, eta Arrasateko Ospitaletik bueltan, denbora batez geldi egon beharko da. Animo Axi, aste batzuk barru izango dugu eta zure beharra!".

Emakumezkoek ezin liderrarekin

Hitzordu zaila izan du gaur Ioritz Agirianok zuzentzen duen taldeak. Izan ere, lider sendo bat izaten ari den Indupime Basauriren etxean jokatu dute, eta agerian geratu da bi taldeen arteko diferentzia: 40-12. Mailari eusteko borrokan segi beharko dute, beraz, oñatiarrek.

Ford Mugarrik ere irabazi

Arrasatearrek ere garaipena lortu dute Errenterian Ereintza Beisser taldearen aurka, balio handiko garaipena, gainera (32-33). Hala, mailari eusteko borrokan tinko jarraitzen dute.

 

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak