'Bizitzak erdigunera' leloari babes zabala

Amaia Zabala 2019ko mar. 7a, 23:45

Aldundiak eta udalek babesa azaldu diote M8-ko greba feministari, eta herritarrak ekintzetan parte hartzera deitu dituzte; ikastetxeek greba egingo dute eta ospitaleak gutxiengo zerbitzua eskainiko du. Komertzio batzuk ere itxiko dituzte.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere bat egin dute Martxoaren 8ko greba feministarekin, eta adierazpen instituzionala kaleratu dute hori adierazteko.

Debagoieneko udalak

Aldundiaz gain, udalek ere bat egin dute grebarekin, eta, Debagoienaren kasuan ere, udal guztiek adierazi dute grebarekiko atxikimendua. Aramaiori, Arrasateri eta Antzuolari dagokienez, esaterako, alkateek ere greba egingo dute. Elgetan udaleko langile emakumeen %97k egingo dute greba, eta, horren ondorioz, udaletxean harrera bakarrik egongo da zabalik eta ludoteka eta liburutegia itxita egongo dira. Oñatin, kultur etxea eta gaztelekua itxita egongo dira eta kiroldegia, aldiz, zabalik. Bergaran, Agorrosin kirolgunea, liburutegia, ludoteka eta Udalak eskaintzen dituen beste hainbat zerbitzu itxita egongo dira.

Ikastetxeak ere greban

Ikastetxe gehienetan ere greba egingo dute, eta, horretaz gain, berdintasunarekin lotutako hainbat jarduera egin dituzte aste osoan. Bestalde, Arrasaten, esaterako, Txatxilipurdi Elkarteak gizonezkoen zaintza komunitarioa antolatu du, "ahalik eta emakume gehienek parte har dezaten mobilizazioetan". Zerbitzu hori Monterron parkean eskainiko dute 11:00etatik 20:30era, eta, euria bada, berriz, erdiguneko gaztelekuan. Gainera, bertan bazkaltzeko aukera izango da.

Debagoieneko Ospitalea

Arrasateko ospitaleak gutxiengo zerbitzua eskainiko du, eta baita herrietako anbulatorioek ere; hala, jaiegunetan bezala funtzionatuko dute.

Komertzio, taberna, enpresa...

Antzuolari eta Oñatiri dagokienez, eguerdiko elkarretaratzerako eta arratsaldeko manifestaziorako, taberna eta dendak itxi egingo dituzte. Oñatin, esate baterako, Natra Zahor enpresak itxi egingo dute eta Ulmak ere greba egingo du. Eroski ere itxi egingo dute Oñatin eta Arrasaten esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak