Zorra birfinantzatzeko hitzarmena egin du Eroskik bankuekin

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 7a, 12:27

Zorraren %75 batzen duten banku entitateekin hitzarmena sinatu du Eroskik zorra birfinantzatzeko; guztira, 1.540 milioi euro inguru. Eroskiko ordezkariek jakinarazi dute etorkizun finantzarioa 2024ko uztailaren 31 arte zabaldu dutela.

Agustin Markaide Eroskiko presidenteak adierazi du aurreko akordioko konpromiso guztiak bete dituztela: "Lau urteotan, 731
milioi eurotan gutxitu dugu zorra, eta 1.800 milioi euro izan dira 2010etik". Horrez gain, hauxe nabarmendu du: "Hitzarmen honekin, Eroskik argitu du bere etorkizun finantzarioa, eta, horri esker, bere negozio plana garatzen jarraituko du". Hitzarmen hori gainerako finantza entitate hartzekodunetara zabalduko dutela gaineratu du, eta ziur da prozesu osoa datozen hilabeteetan bukatuko dela. 

Hitzarmen horri esker zorra bi zatitan banatuta gelditu dela jakinarazi dute Eroskiko ordezkariek, taldearen negozio planera egokitzeko, eta 5 urterakoa izango dela. Gainera, akordioan sartzen da Eroski taldeko menpeko enpresen berrantolaketa sozietarioa egitea. Berrantolaketa hori negozio eremuen arabera egingo dute, eta horrela, emaitza eta baliabideak optimizatu ahalko ditu. Hala jakinarazi dute.

Eroskiko finantza zuzendari Jose Ramon Anduagak garrantzitsua dela akordioa adierazi du: "Ziur nago emandako hitza bete ahal izango duela Eroskik, orain arte egin dugun bezala, eta bere plan estrategikoarekin jarraitu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak