Bailarakoen bultzada, prostatako minbiziaren inguruan ikertzen jarraitzeko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mar. 1a, 10:23
Movembergara eta Mondravember taldeetako ordezkariak Arkaitz Carracedorekin, Donostian.

Dirua "hemen" geratzeari garrantzia eman diote Movembergara eta Mondravember taldeetako lagunek; hala, joan zen azaroan zehar Movember dinamikaren barruan batutako dirua Cic Bioguneko Arkaitz Carracedo ikerlariaren laborategira bideratu dute, prostatako minbiziaren gainean ikertzeko.

Otsailaren 19an joan ziren Donostiako Cic Biogunera Arrasateko eta Bergarako kideak. Bi taldeen artean batutako dirua 2.800 euro izan da: Arrasaten 1.200 eta Bergaran 1.600. Bailarako lagunek Carracedo ikerlariak egiten duen lana bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten Donostian, eta baita lantaldea ezagutzeko aukera ere.

Ikerlariaren lana ezagutzen

Movembergara eta Mondravember azaroan jarri ziren Carracedorekin harremanetan: "Abenduan Arrasatera etorri zen, eta bi taldeetako lagunekin elkartu zen", azaldu du Movembergara taldeko Joxu Aranak. "Prostatako minbizia ikertzen egiten duen lana azaldu zigun; hori kontuan hartuta, erabaki bat hartu behar genuen: dirua Movember Foundationera bidali  edo hemengo ikerkuntzan uztea", dio Aranak.

Aintzat hartu zuten Carracedok ikerlari moduan duen ospea eta gaur egun prostata minbiziaren inguruan egiten diharduen lana. "Garrantzia eman diogu dirua hemen bertan uzteari. Izan ere, Movember Foundationek ez du egitura egonkorrik, ez Espainian, ezta Euskal Herrian ere. Diruarekin zer egingo ote duten, zalantza hori gera daiteke beti. Horregatik, kausarekin harremana duen bertako entitate bat bilatu genuen", dio Aranak.

Ospe handiko ikerlaria

Europako ERC programatik bi milioi euroko dirulaguntza jasoko du Carracedok datozen bost urteetan, prostatako minbiziaren ahultasuna ikertzeko

Arkaitz Carracedok Donostiako CicBiogunen egiten du lan, Ikerbasqueko irakasle; horrez gain, nazioarte mailako ikerlari talde bat kudeatzen du Ciberonc gunean –minbizia sarean ikertzeko biomedikuntza gunea–. Carracedo ospe handiko ikerlaria da; horren erakusle da azaroan Europako Batzordetik lortutako finantzaketa: Europako ERC programatik bi milioi euroko dirulaguntza jasoko du Carracedok datozen bost urteetan, prostatako minbiziaren ahultasuna ikertzeko. Nabarmendu behar da, gainera, Carracedoren bi proiektu lagundu dituela jarraian Europako ERC programak: mundu mailan oso ikerlari gutxik lortu dute hori. Hamalau zientzialariko taldea gidatzen du Carracedok Cic Biogunen; tartean dago Arrasateko Amaia Zabala zientzialaria.

Movembergara taldeko Aranak gaineratu du laguntza horrekin amaitutzat ematen dutela 2018an egindako Movember kanpaina. Aurten, azaroan, berriro ere itzuliko direla gaineratu du: "Indarrez bueltatuko gara", dio. Movember ekimenaren helburua prostatako eta barrabiletako minbiziaren gainean kontzientziazio-lana egitea da, eta ikerketarako dirua biltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak