Harreman estua izan zuen Oiarbidek Arzalluzekin, eta haren heriotzaren berria tristura handiarekin jaso du: "Euzkadi Buru Batzarreko presidente zela hartu-eman handia izan nuen alderdi barruan. Eta ordutik harreman estua izan dut nik neuk pertsonalki. Seguru asko, azken aldiz, joan den urteko Alderdi Egunean ikusiko nuen".
"Karisma" handiko politikoa
Politika arloan Arzalluz bezalako buruzagirik ez dela izan uste du Oiarbidek: "Euskal Herriak izan duen politikorik handiena izan da niretzat, ezagutu dudan politikorik handiena. Eta benetako abertzale bat. Bere egoera pertsonalak alde batera utzi, eta beti, Euskal Herriaren aldeko ikuspegiarekin jarduten zuena. Izugarrizko karisma izan duen politikoa. Ez dut uste, gainera, bakarrik Euskal Herri mailako politikoa izan denik, harantzago joan dena baizik", eta gaineratu du: "Baina bereziki azpimarratu nahiko nuke bere benetako abertzaletasuna".
Bergarara sarri etorri izan zen: "Oso gustura, gainera", dio Oiarbidek eta gaineratu du: "Azken urteetan ere gurera etor zedin gura genuen baina osasun kontuengatik ez zen asko ibiltzen hara eta hona. Baina, egia da, Bergararekin harreman berezia zuen".
Arzalluzen heriotza "deitoratu" du Foru Aldundiak
"Euskadiren aldeko lanean dena eman zuen gizon handia" izan zela Arzalluz adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak. Eta balioan jarri du hark utzitako ondarea, "historiako momentu bakoitza irakurtzen jakin eta Trantsizio garaian, euskal politikagintzako funtsezko pieza" bihurtu zena. Haren "balio etiko, demokratiko eta humanista" ere nabarmendu ditu diputatu nagusiak.
Familiari eta gertukoei dolumina adierazi die eta gaineratu du: "Gizon handia joan zaigu, bidea markatu zuen politikari handia. Euskadi beti egongo da zorretan berarekin".