Martxoaren 8ko greba "berotzen joateko", Elorregira martxa

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko ots. 22a, 09:00

Iazko martxaren irudi bat: emakume taldea Elorregiko biribilean.

Debagoieneko emakumeen taldeak Elorregin batuko dira domekan, herrietatik oinez eta bizikletaz abiatuta.

Martxoaren 8ko greba eguna berotzen joateko hainbat ekimen bultzatzen ari dira eskualdeko talde eta batzorde feministak eta horietako bat izango da domekako ibilaldia. Elorregin 12:00etan elkartuko dira Debagoieneko herrietatik, oinez zein bizikletan, abiatutako emakumeen martxak. Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasatekoak 11:00etan abiatuko dira Biteri plazatik; Bergarakoa, 10:00etan, Oxirondo azokatik; Antzuolakoa ere, 10:00etan, bus geltokitik; eta Elgetakoa, 09:30ean, Mendizaleen plazatik.

"Indarrak batzeko, Martxoaren 8rako motorrak berotzeko eta orain artekoak partekatzeko" egingo dute ibilaldia eta osteko elkarretaratzea. Horretarako, etxeko amantala eroateko eta "zerbait morea janzteko" eskatu dute deitzaileek. Ibilaldiak bidegorritik egingo dira eta hiru adarrak –Arrasate, Bergara eta Oñatikoak– Elorregiko biribilean batuko dira; han, elkarretaratzea egin eta amantalak biribileko barandan eskegiko dituzte.

Iaz lehen aldiz

Iaz egin zuten lehen aldiz, arrakasta handiz. Emakumeok planto lelopean, adin guztietako emakumeak elkartu ziren, jai eta aldarrikapen giroan. Martxoaren 8ko greba egunean "emakumeok planto egin eta geratuz gero munduak ez duela jarraituko" irudikatu nahi izan zuten.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deiari erantzunez, Debagoienean herririk herri sortu diren taldeek lanean segitzen dute Martxoaren 8ko greba egunera begira. Iazko bi orduko lanuztearen ostean, egun osorako greba deialdia egin dute aurten.

Kapitalismo hetero-patriarkalari planto; bizitzak erdigunera da aurtengo leloa. "Zaintzaren kontua erdigunean jarri nahi izan dugu. Izan ere, egungo sis- tema honek funtzionatzen du emakumeok zaintza-lan asko egiten ditugulako. Eta lan horiek, gehienetan, gainera, ez dute ezelako errekonozimendurik", dio Leire Estevezek, Arrasateko M8 taldeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak