Oihana Aldai: "Zaleekin inoiz bizi izan gabeko konexio bat sortu genuen"

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 22a, 10:51

Erreginaren Kopako finalerako txartela lortu du Realak, lehenengoz. Atezain aretxabaletarrak lehen denboraldia du Donostian eta historia egin du dagoeneko.

Nola bizi izan zenuten garaipena?

Finalerako txartela Anoetan hainbeste zaleren aurrean lortzea hunkigarria izan zen. Partidu bukaeran, Aitor Zabaleta harmailara gerturatu ginen eta guztiok dantzan eta kantuan hasi ginen. Zaleekin inoiz bizi izan gabeko konexio bat sortu genuen, eta oso momentu polita izan zen. Eurek ez zuten estadiotik atera nahi, eta guk ere ez genuen aldagelara joan nahi.

Zaleei opari bikaina egin diezue.

Erabatekoa. Askok esan digute gizonezkoak ere aspaldi ez direla finalerako sailkatu eta guk hutsune hori bete dugula. Realzaleak ilusionatuta daude gurekin, ilusioa piztu dugu.

Zer da gipuzkoar batentzat Realarekin Kopako finalera heltzea?

Pentsatzen jarrita, finalean nago, eta historia egin dut Realarekin, nire txikitako eta betiko taldearekin, eta lehenengo urtean, gainera. Izugarria da, ezin dut hitzekin azaldu sentitzen dudana.

Anoetak sarrera bikaina erakutsi zuen domekan, bigarrenez.

Athleticen aurka eta Sevillaren aurka ia bete egin da Anoeta, eta jakin dugu, gainera, bazkide asko animatu direla gure partiduak ikustera. Hori garrantzitsua eta polita da guretzat.

Garai politak ari dira izaten emakumezkoen futbolarentzat.

Duela bi urte hasi ziren estadio handi hauek zabaltzen partidu konkretu batzuetarako, eta ikusten da jendeak erantzun egiten duela, eta geroz eta jende gehiago animatzen da emakumezkoen futbola ikustera. Aurrerapauso bat da hori. Komunikabideek gure berri ematen dute, horrek publizitatea dakar, eta jendeak zutaz hitz egiten du, eta klubarentzat ere inportantea da hori. Uste dut jendeak orain beste begi batzuekin begiratzen diola emakumezkoen futbolari.

Arlo pertsonalean, nola ari zara bizi izaten momentu hauek?

Atezain izanda, zaila da jokatzea; batez ere, goi mailan. Mariasun [Quiñones] oso ona da, eta banekien jokatzeko zailtasunak izango nituela. Baina Realean nago, gustura nabil entrenatzen, eta gustura nago taldeko giroan. Pasa den astean ligako nire lehenengo partidua jokatu nuen, Levanteren aurka, eta entrenatzaileari eskertuta nago aukera hori emateagatik. Lanean jarraituko dut, eta, jokatzeko aukera dudanean, disfrutatzen saiatuko naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak