Aloña eta Antzuolaren arteko derbia Oñatin

Amaia Igartua 2019ko ots. 21a, 13:12

Erregional Preferente mailako hogeita bigarren jardunaldia jokatuko da asteburuan eta Azkoagainek, domekan, 16:30ean, derbi berri bat hartuko du: Aloña Mendi-Antzuola. Promozioa jokatzeko partidu garrantzitsua izango da oñatiarrentzat

Denboraldi txukuna egiten ari dira Aloña Mendiko mutilak. Azken bi jardunaldietan puntu bakarra batu ostean, bolada txar hori amaitu nahi dute lehenbailehen, domekan jokatuko den hogeita bigarren jardunaldian Antzuolari gain hartuta.

Promozioa jokatu ahal izateko, Aloñak aurrealdeko postuei eutsi beharko die. Urola eta Lagun Onak sailkapenean koska bat gorago dauden arren, trenaren aurreko bagoietatik ez dute jaitsi nahi Endika Ruizen mutilek. Antzuolarrak, berriz, azkenengo bi jardunaldietan garaile izan dira eta sei puntu eskuratu dituzte. Etxean jokatu zuten azkeneko partidua, Anaitasunaren aurka; 4-1 irabazi zuten lehia. Hala, sailkapeneko bosgarren postuan daude Josu Zubikarairen mutilak.

Domekan, 16:30ean, Azkoagainen jokatuko den derbia, beraz, garrantzitsua izango da oñatiarrentzat. "Etxean izandako azken partida galdu egin genuen eta buelta eman nahi diogu horri domekan. Etzi jokatuko den derbia irabaztea eta hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua izango da guretzat sailkapeneko goiko postuetan jarraitu ahal izateko, hurrengo astean atsedena baitugu", argitu du Ruizek.

Antzuolaren 'handicap'a

Antzuolarrek aurreko denboraldian ez zuten zorterik izan kanpoan jokatutako partiduetan. "Iaz, kanpoan jokatzea handicap bat izan zen gure taldearendako; izan ere, jokatzera irten aurretik, zenbat gol sartuko zizkiguten pentsatzen genuen. Aurten, berriz, desberdin planteatu ditugu etxetik kanpoko norgehiagokak, eta, oraingoz, emaitza onak lortu ditugu". Edozelan ere, etxean beti jokatzen dugu gusturago", azaldu du Zubikaraik. Aurten ere, denboraldia hasi dutenetik, ez dute zortea alde izan antzuolarrek, talde mugatuarekin jokatzen ari baitira. "Urte osoa egin dugu jokalari gutxiagorekin, baina, egia esantearren, nahikoa zorte izaten ari gara. Oraingoz, lesio gutxi izan ditugu eta taldean gazte mailako bi jokalari edukitzeko aukera ere izan dugu. Izan ere, zortzi jokalari besterik ez gara taldean, eta hainbat partidutara larri joan gara", azaldu du Zubikaraik.   

Derbi 'zaila'

Domekan jokatuko duten derbian aurkari "gogorrak" izango dituzte bi taldeek. "Zaila eta gogorra izango da domekako derbia, Antzuola oso bolada onean sartuta baitago. Plantilla txikiagoarekin jokatzen ari diren arren, azkenaldian konpromiso handia erakutsi dute jokalariek", adierazi du Ruizek. Zubikaraik, berriz, hauxe esan du: "Partidu polita izango dela uste dut, gu lehiatzera irtengo gara, betiko moduan, horrelako partiduak sari bat baitira guretzat. Aloña oso aurkari gogorra da, igotzeko aukera asko dituena, partida zaila izango da domekakoa".

Aloñak herriko jokalarien aldeko apustua egin du, horrek bere alde txarra duen arren, onura asko ere baditu. Endikak [Ruiz] kluba barrutik ondo ezagutzen du eta momentu zailetan badaki ekipoa behar bezala bideratzen, bide onetik doa", gaineratu du Antzuolako entrenatzaileak.

Urria ezkero, elkar ikusi gabe

Urriaren 28an ikusi zuten elkar azkenengoz antzuolarrek eta oñatiarrek, zazpigarren jardunaldiko lehian. Antzuolan jokatu zen norgehiagokan, Endika Ruizen mutilak gailendu ziren: 1-3 irabazi zieten antzuolarrei.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak