Arrasateko lasterkariek konkistatu dute Irimo, Antzuolako 8 Milietan

Xabier Urtzelai 2019ko ots. 17a, 16:30

Borobila izan da Antzuolako 8 Miliak lasterketaren zazpigarren edizioa. Eta ez aurrekoak txarrak izan direlako, ezta gutxiago ere, baina gaur mendian ibiltzeko egiten zuen giroak izugarri lagundu du –korrikalariendako bero larregi, seguru–. Bada, eguzkipean Arrasateko mendi lasterkariak nabarmendu dira, gizonezkoetan Iñigo Alzola eta emakumezkoetan Ane Zabala nagusitu direlako. Biek, gainera, erraztasun handiarekin irabazi dute. Bideo kronika astelehenean, Harmailatik saioan (21:30).

Distantzia luzeetan beste kontu bat izango da, baina gaur egun atleta gutxi dira kapaz aldapa gora Iñigo Alzola atzean uzteko. Lasterketa hasi eta arrasatearrak bere erritmoa jarri du –itogarria guztiendako– eta bakarrik egin du gora. Pentsa, Irimora iritsi aurreko azken zuzenean bakar-bakarrik zetorren, eta goian minutu pasako aldea atera dio bigarrenari. Bigarren hori ez zen Zuhaitz Ezpeleta (bigarren helmugan), azken honek lehenengo igoeran indarrak gorde ditu eta ziklismotik datorren Jokin Etxaberekin (zazpigarren) batera egin du Irimorako igoera. Ezpeleta, baina, txakur zaharra da, eta horrek ere lau hamarkadak beteta baditu ere oraindik sasoian dagoela erakutsi du. Hala, Irimora iritsi eta lasterketaren bigarren zatian atzean utzi ditu Josu Urrestarazu, Josu Imaz, Jon Baleztena –lehen antzuolarra– eta Igor Olalde aretxabaletarra. Bitartean, Alzolak bakar-bakarrik pasa du goiza, bere buruaren kontrako borrokan, eta ikusleen txalo guztiak bereganatuz.

Ane Zabala ere alde politarekin

Iazko Arrasate-Udalatx lasterketako irabazlea ere hasi da 2019ra begira kartak erakusten. Arrasatekoa ere indartsu dabil, eta emakumezkoetan erraz gailendu da (1.20.21). Atxondoko garazi Sanpedrori bost minutuko tartea atera dio-eta (1.25.20). Kontrara, bigarren postuagatik lehian oso borroka estua izan da, Usurbilgo Irati Larrañaga 26 segundora iritsi da-eta (1.25.46).

Gizonezkoak:

  1. 01:05:24 Iñigo Alzola Gordoa (Arrasate)
  2. 01:08:14 Zuhaitz Ezpeleta Iturbe (Arrasate)
  3. 01:08:29 Josu Urrestarazu Garcia (Idiazabal)
  4. 01:08:54 JosuI maz (Beasain)
  5. 1:09:03 Jon Baleztena Azpei (Antzuola)
  6. 01:09:03 Igor Olalde Berasaluze (Aretxabaleta)
  7. 1:10:38 Jokin Etxabe Leturia (Bergara)
  8. 01:11:41 Pello Berrizbeitia Apellaniz (Eibar)
  9. 01:12:06 Asier Aburuza Belamendia (Aduna)
  10. 01:12:28 Aimar Larrea Aranguren (Antzuola)

Emakumezkoak:

  1. 01:20:21 Ane Zabala Bruña (Arrasate).
  2. 01:25:20 Garazi Sampedro Arando (Atxondo).
  3. 01:25:46 Irati Larrañaga Matxain (Usurbil).
  4. 01:31:55 Ainhoa Aspiazu Iturbe (Bergara).
  5. 01:32:14 Onintza Langaran Galdos (Arrasate).
  6. 01:34:39 Maider Uribe Isado (Bergara).
  7. 01:34:45 Izaro  Ormazabal Galarraga (Idiazabal).
  8. 01:36:32 Edurne Clemente Bengoa (Aramaio).
  9. 01:37:21 Monica Galindo Rodriguez (Arrasate).
  10. 01:37:54 Ane Morillas Igartua (Bergara).

.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak