'Konponbide politikoaren alde'-ko deia egin du Gure Esku Dagok eta elkarretaratzeak deitu ditu

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 11a, 14:02

Manifestuaren aurkezpen ekitaldia.

Kataluniako hainbat buruzagi independentisten aurkako epaiketa hasiko dute bihar, otsailak 12, eta Gure Esku Dagok sustatuta elkartasunezko manifestu bat plazaratu dute gizarteko alor askotako 68 herritar ezagunek Konponbide politikoaren alde leloarekin. Era berean, elkarretaratzeak deitu ditu hainbat herritan biharko.

Manifestu horren aldeko atxikimendu bilketa Gure Esku Dagok sustatu du, eta gaur aurkeztu dute, Donostian, "demokraziaren aurkako epaiketa hasi bezperan". Sinatzaileen artean besteak beste, honako debagoiendarrak daude: Maite Aristegi, Mireia Gabilondo, Esther Larrañaga, Ruper Ordorika, Evaristo Paramos eta Ainhoa Vitoria.

Hona hemen manifestu hori osorik:

"Azkenaldian, arreta bereziaz jarraitzen ari gara Kataluniako egoera politikoaren bilakaera. Era batera edo bestera, hamaika lotura eta harreman dugu katalanekin. Argi dugu, gainera, Katalunian gertatzen denak eragina izan dezakeela gure egungo bizimoduan eta gure etorkizuna eraikitzeko orduan.

Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa hastear dagoen une honetan, manifestu hau sinatzen dugunoi egoki iruditu zaigu hitza hartu eta plaza publikoan azaltzea. Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten egoera kontuan harturik, honako aldarrikapenak egin nahi ditugu:

  • Berehala aske uztea preso dauden buruzagi sozial eta politiko subiranista katalanak, haien espetxeratzea bidegabea delakoan. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi ditugu.
  • Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak indargabetzea, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako kausa guztiak bertan behera utzita.
  • Elkarrizketari eta negoziazioari ekiteko deia, herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin. Konponbide politikoari ireki behar zaio bidea, herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea oinarri hartuta.

Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, defendatu eta sendotu beharreko oinarriak dira.

Eskubide zibil eta politikoen eta askatasun demokratikoen defentsarekin herritarron konpromisoa areagotzeko garaiak bizi ditugulakoan gaude. Haize autoritario eta intoleranteen aurrean, kultura demokratikoan sakontzea eta elkartasuna lantzea dagokigu.

Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da izan delitu, konponbide baizik. Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia".

Elkarretaratzeak hainbat herritan

Era berean, elkarretaratzeak deitu ditu Gure Esku Dagok, biharko, hainbat herritan; hala nola, Arrasateko (19:30), Oñatiko (19:00), Antzuolako (19:00) eta Aretxabaletako (19:00) plazetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak