Mondrak eroan ditu derbiaren hiru puntuak Aretxabaletatik

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 10a, 19:04

Zale mordoa gerturatu da Ibarra futbol zelaira UDAren eta Mondraren arteko norgehiagoka gertutik jarraitzeko, eta partidu bero-beroa bizi izan dute. Lehenengo zatia banako berdinketarekin bukatu ostean bigarrenean egindako gol bakarrari esker Mondrak jaso ditu hiru puntuak (1-2).

Ohiko derbi batek dituen osagai guztiak izan ditu gaurkoak ere: harmailak bete-beteta, giroa bero-bero, tentsio handia zelaian, jokaldi ikusgarririk ez eta epailearekin haserre zaleak. Gaur, gainera, kintoak ere gerturatu dira eta horien animoak izan dituzte etxekoek lehenengo zatian. UDAko neska-mutiko gaztetxoek ere animoak eman gura izan dizkiete zelairatu aurretik.

Lehenengo zatia hasi eta laster egin du etxekoen gola Zaitegik, 11. minutuan. Urkok erdiratu zelai erditik, Zaitegik jaso eta kontrolatu, eta jaurtiketa indartsua barrura sartu da.

Handik, laster etorri da Mondraren berdinketa; Gorka Erañak sartu du 30. minutuan. Eskuin hegaletik erdiratu du Axier Sanchezek eta Iker Sanchezek errematatu ate aurrean, Udako defentsa bati eman dio horrek eta aldaratzea aprobetxatu du Gorka Erañak gola egiteko. Halaxe joan dira atsedenaldira, banako berdinketarekin.

Jokalari bat gutxiagorekin UDA

Bigarren zatian dena ematera zelairatu dira aretxabaletarrak, eta behin berriz, saiatu dira Mondraren atean; baloiak, baina, ez du sartu gura izan. Epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio Markel Gordoari 72. minutuaren bueltan, eta UDA hamar jokalarirekin geratu da; horrek, min handia egin dio etxeko taldeari. Ondoren iritsi da Mondraren bigarren gola, 76. minutuan; eskuin hegaletik erdiratu eta Josu Letona atezainaren aurrean zegoen Axier Sanchezek barrura. Epaileak sei minutu luzatu du partidua eta UDAk aukera benetan politak izan ditu orduan ere, baina golik ez da iritsi.

Bukaeran, burumakur ziren etxekoak bolada txarrari bueltarik ezin emanda daudelako eta puntu falta handia dutelako. Mondrakoak, ostera, pozik dinamika txarra atzean uzteko balioko duelakoan garaipenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak