'Egin dezagun bidea' leloarekin etapa berri bati ekin gura dio Gure Esku Dagok

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 9a, 16:39

Galdeketak egin diren 208 herriak irudikatzen dituzten hautetsontziak.

Etapa berri bat hasteko asmoa iragarri dute gaur, Tolosan, Gure Esku Dagoko kideek, eta horren berri emateko ekitaldi berezia antolatu dute. Martxoaren 31n izango da, Bilbon, Euskalduna Jauregian, eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dago.

Bost urteko zikloa borobildu eta pauso berriak emateko abiapuntua izango dela adierazi dute: "Ezer ez dagoenean ziur, dena da posible. Orain da unea. Herritarron unea. Eragiteko garaia. Etorkizuna gure eskuetan sentitzen dugulako, prest gaude erabakira iritsi arte lanean jarraitzeko, lurra ereiten segitzeko. Bost urte ez baitira alferrik igaro". Hala, herritar guztiak gonbidatu dituzte martxoaren 31n, Bilboko Euskalduna Jauregian, egingo den ekitaldira (12:00); izena emateko bideak zabalik daude dagoeneko.

Galdeketak 208 herritan 

Azken lau urteetan 208 herritan antolatu direla galdeketak eta hautetsontziak botoz bete adierazi dute: "Hautetsontzi hauek eman digute aukera etorkizuna irudikatzeko, zer nahi dugun eta nola erabaki nahi dugun jabetzeko, urteetan aurpegira begiratu ez diogunari eskua emateko, elkarrekin ahalduntzeko, ikasteko, gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektiboak geureganatzeko, demokrazian sakontzeko, gugan sinesteko… Hori guztia eta gehiago eman digute".

Galdeketa horietan 218.248 herritarrek hartu dutela parte jakinarazi dute, eta hori zabaltzen jarraitzeko asmoa agertu: "Emaitza horretaz harro bagaude ere, oinarria zabaltzen jarraituko dugu; Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki, eta berme guztiekin". 

Galdeketen bidez lortutakoa sakontzeko garaia dela aldarrikatu dute gaur eta etapa berri baten hasiera iragarri dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak