2018an zehar 29 film labur jaso zituen Euskaltzaleen Topaguneak Laburbiran, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltarian, parte hartzeko. Horietatik, bederatzi lan aukeratu dituzte eta ordubeteko saioa osatu dute, eta laster herriz herri erakutsiko dute bilduma berria.
Aukeratutakoen artean, Arrasateko Ane Zuazubiskarrek egin duen Erroak dago; zuzendari moduan egin duen lehenengo lana du, baina aurretik taldean hainbat film labur egindakoa da. Arrasatekoarekin batera, honako hauek osatzen dute aurtengo bilduma: Begi ninien koreografia (Arrate Fernandez); Shell phone (Miren Mujika); Zapatak (Irati Murua); Ama (Josu Martinez); June (Arantza Ibarra); Hotzean garbitu (Maddi Barrenetxea- Marta Teijeira); Ilunpean (Iker Maguregi eta Andrea Martinez) eta Handiak eta txikiak (Laida Ruiz).