Garitano senideen arteko derbia izango zen biharkoa

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 1a, 12:08
Asier eta Gaizka Garitano. Argazkiak: Irutxuloko Hitza eta Uriola.eus.

Francisco Javier Melendez genealogistak egindako ikerketa batek frogatu du Asier eta Gaizka Garitano urrutiko senideak direla; Bergarako Garitano Erdikoa baserrian dute jatorria, eta Miguel Antonio Garitano da amankomunean duten lehen senidea.

"Hainbat kirol komunikabidek zioten ez zegoela senidetasunik Asierren eta Gaizkaren artean, eta genealogistok oso kuriositate handiko pertsonak garenez, bien zuhaitz genealogikoak aztertzen hasi nintzen, 2017 hasieran. Urte bereko martxoan aurkitu nuen euren lehen arbaso amankomuna: Miguel Antonio Garitano Askasubi, Asierren zazpigarren aitona eta Gaizkaren seigarrena", dio Melendezek.

Genealogistaren arabera, Miguel Antonioren eta bere emazte Theresa Saribiarte aretxabaletarraren bi semeren ondorengoak dira Asier eta Gaizka.

Lehenik, Interneteko datu biografikoak arakatu zituen, eta, ostean, Ondarroako eta Bergarako erregistro zibilean hiru jaiotza-agiri eskatu zituen. "Agiri horietako bitan aurkitu nituen 1901a baino lehen jaiotako Asierren eta Gaizkaren aitaren aldeko birraitonen izenak", adierazi du.

Protagonisten hitzak

Asierrek duela urte pare bat izan zuen horren berri. "Kuriosoa iruditu zitzaidan. Gaizkari whatsapp bat bidali nion eta hark ere ezer ez zekiela esan zidan. Txantxetan aritu ginen geure artean. Egia esan, bai, bitxia da".

Gaizkak, berriz, bien arteko harreman ona azpimarratu gura izan du. "Gutxi ikusi arren, oso harreman ona daukat Asierrekin, baina, batez ere, futbol mundutik sakondu dugu harremana". Gaineratu du "pena" dela bihar elkarren aurka aritu ezin izana. "Hala ere, beste partidu batzuetan jokatu izan dugu elkarren aurka, eta oso pertsona eta entrenatzaile ona dela iruditzen zait", nabarmendu du.

Angel Garitano Ondarru irrati esataria da Gaizkaren aita. Gaiaren gainean galdetuta, zera adierazi du: "Atzera begira jarrita, senideak izan gintezkeela argi zegoen, Bergara ez baita New York".

Garitano abizena

Patxi Larrañaga ikertzaile soraluzetarrak urteak daramatza Bergarako baserri eta abizenak ikertzen. Hainbat liburu atera ditu. Hark dioenez, Bergaran abizen arrunt eta ugarienetakoen artean dago Garitano, Agirre, Larrañaga edo Gallastegirekin batera. Abizen horiek, gainera, jatorria Bergaran dute. Horregatik, "ez da harritzekoa" Gaizka Garitanok ere, edo haien arbasoek, jatorria Bergaran izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak