Euskaraldia bigarrenez egingo da 2020ko udazkenean

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 1a, 08:21

Antolatzaileak oraindik lehen edizioko emaitzak jasotzen dabiltzanean bigarren edizioa ere izango dela iragarri dute. Bi ardatz izango ditu horrek: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea.

Iazko azaroaren 23a eta abenduaren 3a artean egin zen ekimenaren lehen edizioaren bukaeran "jarraipena izango duen ariketa" izango zela adierazi zuten Euskaraldiaren sustatzaile diren erakundeen eta eragileen ordezkariek, eta dagoeneko hasi dira bigarrena gertatzen. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea helburu izan duen ariketa sozialaren bigarren ekitaldia 2020ko udazkenean egingo da.

Entitateek funtzio aktiboagoa

Bigarren Euskaraldiak bi ardatz izango dituela aurreratu dute sustatzaileek: batetik, Euskal Herri osoko herritarrei euren harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo zaie lehen edizioan protagonista izan diren ahobizi eta belarriprest rolen bitartez; eta bestetik, bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateei beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko da. Erakunde publikoak, enpresak, komertzioak, elkarteak eta gizarte eragileak izango dira konpromiso zehatzak hartuko dituzten entitateak: "Aurrekoan 200 entitatetik gora izan ziren ekimenaren sustatzaile. 2020an, aldiz, urrats bat aurrera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie parte hartzen duten entitateei. Urrats hauek eskatuko duten aurre-lana aintzat hartuta, 2019 urtean bertan hasiko dira entitateak neurriak hartzen eta herrietako batzordeak lanean".

Emaitzak jasotzen

Lehenengo Euskaraldiaren emaitzak jasotzen ari direla asteotan ere adierazi dute. Horrekin batera, Euskaraldiko parte hartzaileen datuen azterketa egin du Gaindegia behategiak. Izena eman duten 220.000tik gora belarriprest eta ahobizien azterketa egin da, eta emaitzak ekimenaren webgunean aurkitu daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak