Bailara erreferente da Emakume Master Cup-en

Xabier Urtzelai 2019ko ots. 1a, 12:00
Reyes Azkoitia, Jaxone Larrañaga, Irati Usandizaga eta Nerea Uriarte. Argazkia: Emakume Master Cup.

Joan den astean Galdakaon hasi zuten txapelketan Debagoieneko 17 pilotari izan ziren lehian. Hemezortzigarrena Arrate Bergara bergararra da, baina lehenengo mailako pilotariekin jardungo du; horiek asteburuan hasiko dute txapelketa, Murgian.

"Zuen bailaran sasoiko zaudete, hamazortzi pilotari izango diraeta Emakume Master Cup txapelketan. Eta deigarria da Oñatiren kasua, Bartzelonarekin batera Oñati da-eta txapelketan pilotari gehien dituena: hamabi, guztira". Txapelketako antolatzaileek GOIENAri esandakoak dira, txapelketaren atarian. Hala, joan den astean Galdakaon lehenengo jardunaldia jokatuta, hamazortzi pilotari horietatik hamaikak egin dute aurrera.

Hirunako multzoetan

Txapelketako kanporaketak hirunako multzoetan antolatu dituzte. Galdakaoko partiduetako batean, Bergara eta Oñati izan ziren aurrez aurre, eta Reyes Azkoitiak eta haren alaba Jaxone Larrañagak tanto bateko aldeagatik irabazi zieten Irati Usandizaga eta Nerea Uriarte txantxikuarrei (18-17). Multzo horretako hirugarren bikoteak erakutsi zuen beste maila batean dagoela, eta erraz irabazi zituen Oñatikoen eta Bergarakoen kontrako partiduak (2-18 eta 18-5). Hala, bergararrek eta berastegiarrek egin dute aurrera, eta oñatiarrak kanporatuak izango dira.

 

Master Cup txapelketan esku hartu duten pilotari oñatiarretako batzuk talde argazkian.

Oñatikoak Oñatikoen kontra

Lehenengo taldeko kanporaketan, berriz, herrikideen arteko lehia izan zen. Eta hor, Oihane Aizpuruak eta June Ugartek 18-11 irabazi zieten Eider Quintasi eta Jaione Urangari. Azken horiek galdu egin zuten multzoko hirugarren bikote Larrabetzuko eta Donostiako Sagarnaren eta Elorzaren kontra, eta horiek ere kanpoan geratu dira. Eta bigarren taldean ere Oñatiko Irati Blazquezek eta Karmele Egañak osatutako bikoteak ezin izan du aurrera egin, Galdakaon jokatutako bi partiduak galdu egin zituen eta.

Beste sei bikotek aurrera

Gainontzeko partiduetan, Nerea Plazaola eta Eider Plazaola oñatiarrek galdu egin zuten Basauriko eta Andoaingo bikotearen kontra, baina hirugarren bikotea aurkeztu ez, eta aurrera egin dute. Maddi Berrokal bergararrak ere aurrera egin du Altsasuko Udane Bergara bikotekidearekin batera, eta Oñatiko Maddalen Etxegaraik eta Usue Osesek ere aurrera egin dute, sopelarrei irabazi (18-14) eta errioxarren kontra (16-18) galduta. Dobletea, berriz, Antzuolako Galeano ahizpa gazteek egin zuten; Leirek eta Nagorek lekeitiarrei 4-18 irabazi zieten, eta 18-2 Zamudioko bikoteari. Azkenik, asteburuan Murgian lehenengo mailako pilotariek hasiko dute txapelketa, eta hor Arrate Bergarak ordezkatuko du Debagoiena. 

LEHENENGO JARDUNALDIA GAINDITU DUTE:

• Oihane Aizpurua Oñati.

• June Ugarte Oñati.

• Nerea Plazaola Oñati.

• Eider Plazaola Oñati.

• Jaxone Larrañaga Bergara.

• Reyes Azkoitia Bergara

• Maddi Berrokal Bergara.

• Maddalen Etxegarai Oñati.

• Uxue Oses Oñati.

• Leire Galeano Antzuola.

• Nagore Galeano Antzuola.

KANPORATUAK IZAN DIRA

• Eider Quintas Oñati.

• Jaione Uranga Oñati.

• Irati Blazquez Oñati.

• Karmele Egaña Oñati.

• Irati Usandizaga Oñati.

• Nerea Uriarte Oñati.

LEHENENGO MAILAN DABIL

• Arrate Bergara Bergara.

Oharra: Asteburuan hasiko du txapelketa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak