Labegaraietako tapizean lehiatuko dira gimnastak bihar

Xabier Urtzelai 2019ko ots. 1a, 13:57

Zapatuan egingo dute, goiz eta arratsalde, A mailako eskola arteko gimnasia txapelketa Labegaraietan; eurekin batera lehiatuko dira, baita ere, amateur mailakoak. Guztira, 100 gimnasta baino gehiago espero dituzte antolatzaileek.

Labegaraietako kantxako zorua tapiz handi batekin estaliko dute bihar, zapatua, urteroko hitzorduak agintzen duen moduan. Izan ere, 10:00etan hasita –kiroldegiko ateak ordubete lehenago irekiko dituzte–, Gipuzkoako gimnasia taldeetako ordezkari mordoa batuko da ikasturteko lehenengo azterketan, A mailako eskola arteko txapelketan. Adin txikietako gimnastekin batera, baina, amateur mailako gimnastek ere hartuko dute esku: "Gimnastek, guztira, 60 talde ariketa eskainiko dituzte, eta, horrekin batera, 104 gimnastak euren bakarkako lanak erakutsiko dituzte", dio Nagore Jimenezek, Ariznoako ordezkariak: "Bada, goizean, Ariznoa Taldeko bi talde ariketa izango ditugu, eta bakarkako beste bi saio. Arratsaldean, berriz, klubeko bakarkako ariketa bat izango dugu".

Egun osoko lana klubarendako

Bihar, klubeko ordezkariak buru-belarri ibiliko dira lanean dena ondo irten dadin: "Gipuzkoako talde nagusiak izango ditugu eta guraso asko gerturatuko dira bertara, lan handia izaten dugu. Bailaratik Arrasateko Dragoikoak eta gu izango gara lehian, baina Eibarkoak, Tolosakoak, Donostiako hainbat klubetakoak... gimnasta asko batuko dira". Hala, Gipuzkoako lehenengo eta bigarren fasearen ostean etorriko dira finalak, eta onenak Euskadiko Txapelketarako sailkatuko dira: "Ariznoan Euskadiko txapeldunak izan ditugu, baina orain egokitzapen fasean gaudela esango nuke. Ainize Lizarralde da iaztik gure entrenatzailea eta oso lan ona egiten dabil gimnastekin, oso pozik gaude. Emaitzak, baina, etorriko dira aurrerago, ez da lehentasuna orain".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak