Aurten 100 urte bete dituen Argia aldizkariak 30. edizioa bete duten Argia Sariak banatu ditu gaur arratsaldean Usurbilgo Atxega jatetxean izan den ekitaldian. Sei sari banatu dituzte guztira, eta Eusko Ikaskuntzarentzat eta Euskaltzaindiarentzat izan da Merezimenduzko Saria. "Badira bi erakunde, duela mendea sortuak, euskal kultura eta euskara batu, zaindu eta zabaltzeko lanean dihardutenak, asmoz eta jakitez, ekin eta jarrai. (...) Saritua eta euskarazko kazetaritza eskutik ari gara lanean, elkar elikatuz, gure lanbidearen oinarrizko tresna zorrozten eta aberasten"; azaldu dute saria argudiatzeko orduan.
Eusko Ikaskuntzaren presidente Iñaki Dorronsorok eta Mirian Urkia euskaltzain aretxabaletarrak jaso dute sariaren ikurra. "Sari hau ez da Euskaltzaindiarentzat, edo ez Euskaltzaindiarentzat bakarrik, euskaldun guztiontzat baizik, guztion artean egiten baitugu euskara eta, beraz, Akademia", esan du bere hitzaldian Urkiak.
Gainerako irabazleak
Irratia: Juan Carlos Etxegoien Juanarena "Xamar” (‘Euskara Jendea’ irratsaioagatik, Bilbo Hiria irratian).
Prentsa: Gari Garaialde fotokazetaria, migrazioaren errealitatea ikusarazteko argitaraturiko lanengatik.
Ikus-entzunezkoa: "Gurean" dokumentala (Askekintzarena)
Internet: Indarkeria matxistaren biktimen mapa (‘Berria’ egunkariarena)
Sustapena: Altsasuko Gurasoak