Debagoieneko Ospitaleko instalazio berriak bisitatu ditu Osakidetzako zuzendariak

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 22a, 19:58

Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Luis Diego Casals izan da Debagoieneko Ospitalean instalazio berriak ezagutzen: bederatzi kontsulta gela, proba osagarriak egiteko hiru gela, sendaketa gela bat eta harrera eremua. 

Debagoieneko ESIaren espezialitate medikoen kontsulta-eremu berria bisitatu du Casalsek gaur, urtarrilak 22, eta zera adierazi du: "Osakidetza etengabe ari da bere instalazioak eguneratu eta hobetzen, garai berrietara egokitu eta gure gizarteari arreta modernoa eta eraginkorra bermatzeko".

Instalazio berriak lehengo ospitalizazio-unitatean daude kokatuta, 700 metro koadroko gunean, eta honako espezialitate hauek izango dira han: Barne Medikuntza, Kardiologia, Pneumologia, Hematologia, Erreumatologia, Neurologia eta Dermatologia. Casalsek adierazi du Osakidetzak azken
belaunaldiko instalazio sanitarioak eskaini nahi dizkiela herritarrei: "Erosoagoak eta humanizatuagoak, etorkizunera eta gure erabiltzaile eta profesionalen eskaeretara moldatuta".

Osasun Zentroan zerbitzu berriak

Era berean, bateratze horri esker, odola ateratzeko eta proba osagarriak egiteko gune berria gertatu ahal izan dela ospitaleko beheko solairuan adierazi dute; helduei odola ateratzeko sei leku eta umeei odola ateratzeko gela bat daude. Horri esker, Arrasateko Osasun Zentroan lehen mailako arreta zerbitzu berriak emateko espazioa geratuko dela  ere gaineratu dute.

Debagoieneko ESIaren zerbitzu-zorroak iaz 110.161 paziente artatu zituela guztira (hainbat espezialitateko kontsultatan) adierazi dute Osakidetzako arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak