Intentsitate handiko derbia Bergarak eskuratu du azken minutuan (2-3)

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko urt. 20a, 19:02
Gorka Eraña Mondrako jokalaria baloiarekin.

Mahoneroak 0-2 aurretik jarri dira markagailuan, baina Mondrak norgehiagoka berdintzea lortu du, atsedenaldia heldu aurretik. Bigarren zatian, oso orekatuta egon da partida, baina azkeneko minutuan Bergarak egin du garaipenaren gola.

Lehenengo zatia ikusgarria izan da Mojategiko berdegunean. Euripean gogor eta sendo aritu dira bi taldeak, baina Bergarak ezustekoa eman du 4. minutuan eskuratutako golari esker. Eskuinetik erdiraketa bigarren zutoinera jarri dute mahoneroek, eta atzera pase ederra sartu ostean, erditik bakarrik sartuta, 0-1ekoa jarri dute markagailuan.

Kolpe gogorra izan da Mondrarendako 0-1ekoa, eta are eta latzagoa 20. minutuan Bergarak bigarrena eskuratzea. Gol bikaina sartu dute mahoneroek burukada eder batekin 0-2koa jarri du-eta, Paulek. Hala ere, etxeko taldeak ez du atzerapausorik eman zelaian, eta Iker Sanchezek 1-2koa jarri du markagailuan, burukada polit bati esker. Atsedenaldia heltzeko minutu gutxiren faltan, Arrasateko taldeak 2-2koa ezarri du, berriz ere, Iker Sanchezen erremate bati esker. Arrasatearrak bikain gainditu du Bergarako atezaina buruz burukoan.

Bigarren zatian erritmoa baretu egin dute bi taldeek, eta nekea sumatu egin da berdegunean. Hala ere, aukera argienak Bergarak izan ditu. 62. minutuan, Andonik mahoneroen hirugarrena egiteko aukera ezin hobea izan du, baina bere burukada kanpora joan da, atezainaren aurrean bakarrik zegoelarik. Bergarak sakatzen jarraitu du, eta 80. minutuan beste abagune argia izan du. Oraingoan, baloia zutoinera jaurti du Martxelek.

Balantza alde batera edo bestera eramateko aukerak izan dituzte bi taldeek, eta neurketa detaile txiki batean erabakiko zela ikusten zen unean, neurketaren azken minutuan, alegia, Andonik garaipenaren gola lortu du Bergararendako (2-3).

Horrela, derbia eta bigarren itzuliko lehenengo partida mahoneroek eskuratu dute Mojategin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak