Bigarren itzulia hasteko, derbia izango da Mojategin

Xabier Urtzelai 2019ko urt. 18a, 14:41

Domekan, sailkapenaren bosgarren postuan dagoen Mondrak erdialdean dagoen Bergara hartuko du. Aretxabaletak Añorgan jokatuko du; azken hilabete txarra ahazteko, garaipena behar dute, eta kontrario zuzena gehiago itoko lukete.

Ohorezko Erregional Mailako lehenengo itzulia amaituta, Debagoieneko talde bakarra ere ez da sartu mailaz igotzeko hautagaien borrokan. Eibar (41), Anaitasuna (39) eta koska bat beherago Tolosa (35) dira, oraingoz, hiru oilarrak eta besteek dagoeneko aukera handiak galdu dituzte saltsa horretan ibiltzeko. Orain artean, Mondra (30) da lan txukunena egin duen taldea, hiru partidu baino ez dituzte galdu, baina eurak dira ligan partidu gehien berdindu dituztenak (6), eta lauza pisutsua da hori.

Domekan (16:30), berriz, gorago egoteko erregulartasuna falta izan zaion Bergara izango dute aurrean. Mahoneroak sailkapenaren erdialdean daude, baina erditik atzera nahiko estu dago sailkapena, eta lehenbailehen gura dute 40 puntuen langa gainditu, ezustekoak ekiditeko. Eta, atzealdeko postuetatik ihes egiteko borroka horretan murgilduta daude aretxabaletarrak, liga hasieratik, gainera. Biharko kontrario Añorga kontrario zuzena da (15:45).

Aloña Mendi, hirugarren postuan

Erregional preferentean, Oñatiarrak lan ona egiten dabiltza, eta aurten ere mailaz igotzeko borroka horretan egon gura dute liga amaierara arte. Lagun Onak-ek, baina, orain artean koska bat gorago dagoela erakutsi du, oso partidu gutxitan kale eginda –horietako bat oñatiarren kontra, hain zuzen–. Txantxikuek azken sailkatu Anaitasuna hartuko dute domekan (16:30). 

Emakumezkoetan, Leintz Arizmendi eta Bergara kanpoan

Joan den astean Arizmendik 5-3 hartu zuen mendean Tolosa, eta Bergarak, berriz, atsedena izan zuen. Bada, asteburuan etxetik kanpora jokatuko dute biek. Zumarragan jokatuko dute mahoneroek domekan (16:00), eta Ordizian, Goierriren kontra Leintz Arizmendik (domeka, 10:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak