Carlo Collodik idatzi zuen ipuin klasikoa abiapuntu hartuta, Glu Glu antzerki taldeak bertsio gaurkotua eskainiko du asteburu honetan birritan Debagoienean: etzi, zapatua, Bergarako Seminarixoan, 18:00etan, eta domekan, Oñatiko Santa Ana aretoan, 17:00etan.
"Hasiera baten, 3 eta 9 urte bitarteko haurrendako sortu dugun lana da, baina eurekin etorriko diren helduei ere keinu asko egiten dizkiegu. Antzerki musikala da, hitzak eta abestiak tartekatzen ditugu ikuskizunean, eta abesten ditugun doinuak oso ezagunak egingo zaizkie etortzen diren helduei", dio Ugaitz Alegria aktoreak.
Oinarrian guztiok ezagutzen dugun istorioa dela gaineratu du Alegriak: "Galder Perezek moldatu duen gidoiko mezu nagusia apur bat birplanteatuta dator, hau da, bullying gaia dakargu Pinotxo bere ikaskideekiko ezberdin sentitzen dela aitzakia hartuta".
Sarrerak lau eurotan eskura daitezke, leihatilaz gainera Bergara.net eta Oñati.eus Udal atarietan ere bai.