37 pertsona ospitaleratu dituzte Debagoienean, gripeak jota

Amaia Zabala 2019ko urt. 11a, 12:55

Eskualdean, 1.500 lagun joan dira familia medikuarengana gripeagatik eta larrialdietara, 303.

Gripe sasoi bete-betean gaude eta eskualdeko ospitaleetan ere nabaritu da birus honen eragina. Izan ere, 2018ko abenduaren 1etik urtarrilaren 6ra bitarte, 1.500 lagun joan dira familia medikuarengana gripea dela eta; larrialdietara, berriz, 303 lagun. Horietatik, 37 gaixo ospitaleratu behar izan dituzte.
 
"Gripeak gogor jo du, baina ez da epidemia larri bat izatera iritsi; izan ere, iaz garai honetarako kasu gehiago genituen. Dena den, inoiz ez dakizu, eta gerta daiteke beranduago etortzea", argitu du Txaro Martinezek, Oñatiko Osasun Zentroko zuzendari eta familia medikuak.
 
Iazko datuak alderatuz gero, esaterako, 2017ko abenduaren 1etik 2018ko urtarrilaren 6ra bitarte, 1.898 lagun joan ziren familia medikuarengana gripeagatik, larrialdietara 371, eta horietatik 45 izan ziren ospitaleratuak. Martinez medikuak gaineratu du gripeaz gain katarro kasu asko ere badaudela une honetan: "Badabil katarro mota bat sukar pixka bat eragiten ari dena, eta, ondorioz, lan asko dabilkigu ospitalean".
 
Amaitzeko, Oñatiko medikuak gripea saihesteko neurriak hartzeko dei egin die herritarrei: arrisku handiko pertsonen multzoan baldin bazaude, txertoa hartu, eta, behin sintomak izatean, berriz, besteei ez kutsatzen saiatu; esaterako, eskuak sarritan garbituz". Bestalde, argitu du arrisku bereziren bat edo gaixotasun kronikoren bat izan ezean, "ez dela beharrezkoa" lehen egunetik ospitalera joatea, eta, etxean egon eta parazeta mola hartuz ez bada pasatzen, orduan joateko medikuarengana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak