Realak irabazi du, baina Bergarak eta Debagoienak neurria eman dute

Xabier Urtzelai 2019ko urt. 5a, 16:57

Bergara Kirol Elkarteak antolatzen duen Gazte mailako Gabonetako Torneoan talde txuri-urdina izan da onena, baina etxeko ordezkariek maila txukuna erakutsi dute. Bailarako klubetako jokalariekin osatutako taldea izan da nobedadea. Argazkiak: 'Poli' eta Xabier Urzelai.

Debagoieneko selekzioa emakumezkoetan ezagutu dugu orain artean. Aurten ere Gabonetako torneoa jokatu dute neskek, eta ez jokatu bakarrik, baita irabazi ere. Eta, gizonezkoetan ere formula berbera erabiltzea erabaki dute, gazte mailako jokalariekin taldea osatu dutelako gaurko torneora begira, eta Realak ozta-ozta hartu ditu mendean (0-1).

Hiruko torneoa izan da 

Hain zuzen, Realaren eta Debagoieneko selekzioaren arteko partiduarekin hasi dute txapelketa, goizeko lehenengo orduan. Hor, Realak ez du talde lehiakorrena zelairatu, eta bailarako mutilak hobeak izan dira (1-0). Ondoren Realak eta Bergarak neurtu dituzte indarrak, eta mahoneroek ere kate motzean lotu dituzte txuri-urdinak; hala, berdindu eta gero penaltietan egin du Realak aurrera, eta goizeko hirugarren partiduan bai, hor Realak koska bat gorago dagoela erakutsi du –jokoari dagokionez batez ere– eta 0-1ekoarekin torneoa poltsikoratu dute.

Debagoieneko selekzioa, UDAko, Mondrako, Aloñako eta Antzuolako jokalariekin 

Aipatu moduan, Debagoieneko selekzioa izan da torneoko nobedadea: "Halako lagunarteko torneoetarako formula polita da. Emakumezkoek egiten dute, eta gazte mailan ere erakutsi dute bailaran talde polita sortu daitekeela. Entrenamendu saio bakarra eginda jokatu dute elkarrekin, eta txukun ibili dira. Liga ofizialean? Hori beste kontu bat da, klubak ados jarri beharko ziren horretarako". Selekzioan izan dira: Markel Bengoa (UDA), Aritz Diaz (UDA), Mikel Madina (UDA), Markel Perez (UDA), Asier Roteta (Mondra), Unai Pascual (Mondra), Markel Unamuno (Antzuola), Josu Bouzon (Antzuola), Imanol Elkoro (Mondra), Josu Aizpurua (UDA), Gari Galdos (Aloña Mendi), Axi Igartua (Aloña Mendi), Mikel Ezeiza (UDA), Aritz Aritzmendiarrieta (Mondra), Ander Irizar (Aloña Mendi), Markel Guridi (Aloña Mendi), Ander Biain (Aloña Mendi), Axel Armentia (UDA), Oxel Luengo (Mondra) eta Iker Perez (Mondra). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak