Saharar errefuxiatuentzako janari bilketa Arrasaten eta Aretxabaletan

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko abe. 28a, 13:32
Saharaldebako eta EH Bildu, Irabazi eta Ahal Dugu alderdietako ordezkariak gaur Arrasateko Eroskin.

Gaur, bihar eta baita astelehen goizean ere, Saharar errefuxiatuei bidaltzeko janaria batuko dute Eroskin. SEADen aldeko 'Otsailak 27' Euskal Elkarteen Koordinakundea premiazko janariak batzen ari da hainbat herritan, bidalketa handi bat egiteko. Gaur, Arrasateko Eroski hipermerkatuan izan dira Debagoieneko elkarteko ordezkariak eta baita Arrasateko hainbat zinegotzi ere, bertaratu direnei proiektuaren berri ematen.

Arroza, lekaleak, pasta, hegaluzea oliotan, sardinak oliotan, azukrea eta konpresak batuko dituzte abenduaren 28an eta 29an eta baita 31 goizean Arrasateko eta Aretxabaletako Eroski dendetan.

Saharaldebako presidente Saleh Salek azaldu duenez, herri bakoitzean garai ezberdinetan ari dira egiten bilketa, baina hemen, ohiturari jarraituz Gabonetan egingo dute: "Badakigu Gabonetan beste bilketa asko egiten direla, eta jendea nekatuta egon daitekeela. Gu janari bilketa egiten dugun elkarte ezberdinen artean zaharrenak gara eta albiste izateari utzi diogu, baina Eroskira hurbiltzen direnak animatu nahi ditugu, ahal dutenarekin laguntzera". Salekek eskertu nahi izan die urte guzti hauetan laguntza eman duten pertsona guzti horiei. Baita, beste urte batzuetan egindako moduan, gaur bertan laguntzen ari diren alderdi politikoei ere, beraien laguntza eta inplikazioa nabarmendu ditu. Era berean, Arrasateko alkatearentzako ere esker hitzak izan ditu "dena erraztearren"; besteak beste, "Eroskikoa, lokala, kamioia...".

Itxaro Artola zinegotzia, herritar bati janari bilketaren berri ematen.

Sahararen aldeko Euskal Karabana

Urtarrilaren 31ra bitartean Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko hainbat txokotan batuko dituzte elikagaiak eta jasotako guztia hiriburuetan batuko dute. Otsailean irtengo den Karabana Solidarioaren helburu nagusia de saharar herriari elikagaiak helaraztea, Tindoufen (Aljeria) errefuxiatuta dagoen "saharar populazioak jasaten duen elikadura-krisi larria, ahal den neurrian, arintzeko". Saleh Salekek nabarmendu du Nazio Batuen erakundeak oinarrizko saskiak bidaltzen dituela, "baina hor soilik lauzpabost elikagai daude eta beste guztia GKEek emandakoarekin osatu behar dute".

Janaria emateaz gain, laguntza ekonomikoa egiteko aukera ere badago, Laboral Kutxako zenbaki honetan: 3035 0080 94 0800054177

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak