DBHko 4 laugarren mailako gazteek bederatzigarrenez hartu dute parte entzute handiko teknologiako txapelketa horretan. Almenetik sei taldek hartu zuten parte eta Gaztelupetik zortzik. Ikasleekin batera hainbat irakaslek dihardute lanean proiektu horretan: Gaztelupen Aitor Ziardegik, Iñaki Agirrebengoak eta Mikel Egigurenek eta Almenen Ibone Arejolaleibarrek eta Itsaso Arenazak.
Aurtengo gaia da Into Orbit, eta egin beharrekoa espazioan dauden arazoak identifikatu eta arazo horren aurrean irtenbide berritzaile bat proposatzea. Joan den eguenean elkartu ziren guztiak nor baino nor gehiago jarduteko; Garaia Berrikuntza Poloko Ikerlan egoitzan Gaztelupekoak eta besteak, Almenen bertan. Guztira hiru saio izan ziren, eta saioen artean talde bakoitzak hamar minutuko tartea izan zuen entrenatzeko.
Gora behera ugariko lehia izan zela adierazi dute ikastolako kideek: "Gaztelupeko saioan bi talderen arteko lehia polita egon zen. Azkenean oso puntu gutxigatik, 85 lehenak eta 78 bigarrenak, talde bat gailendu zen". Dena den, ez dela talde bakarra sailkatuko jakinarazi dute; hiru izango dira sailkatuak. "Robot-en misio lehiaketaz gain, proiektu zientifikoa ere aurkeztu beharko du talde bakoitzak. Bi arlo hauen batezbestekoan puntuaziorik altuena daukaten 3 taldeak izango dira sailkatuak".
Jardunaldi bukaeran Almeneko bi talde sailkatu dira eta Gaztelupeko hiru. Bost talde horiek otsailean egingo den Euskadiko FLL txapelketara joango dira.