Elkarkidetzatik jaioa, 10 urtez alternatiba gisa

Jokin Etxebarria 2018ko abe. 21a, 15:22
Alternatibaren 10. urteurrenaren ekitaldia

Alternatiba Bilboko Bidebarrieta liburutegian jaio zen, orain dela 10 urte, ezker mugimendu ezberdinak batzeko asmoarekin, eta mugimendu hartan bere pisua izan zuten Debagoieneko hainbat lagunek

Ezkerreko korronte ezberdinen baturatik sortu zen orain dela 10 urte Alternatiba talde politikoa. Sorkuntza hartan, Debagoienak pisu nabarmena izan zuen, Arrasate plaza oso garrantzitsua izan baitzen. Ezker Batutik zetozen Joseba Ugalde eta Ander Rodriguez, besteak beste, talde politikoa ofizialki sortu aurreko bileretan lanean ibili ziren buru-belarri; gero, zinegotzi izango ziren Arrasateko Udalean. "Gure erakundeen barruan arazoak genituen aurrera egiteko, baina batzuk konbentzituta geunden erakundeetan jarraitu behar genuela eta batuketa ideia ona izan zitekeela", dio Piter Encinasek, gaur egun Arrasateko EH Bilduko zinegotzi denak. "Alternatiba jaio zenean, argi adierazi genuen ez zela sigla berri bat, baizik eta Euskal Herriko ezkerrak batzeko katalizatzaile bat. Ordura arte, gure herriko ezker mugimendu ezberdinen arteko talka bat zegoen, bakoitzak bere espazioa hartzeko, eta ikuspuntu berdinen batuketa bat bilatu nahi genuen guk", adierazi du Oskar Matutek.

Sortu eta gutxira, EH Bildura

Hausnarketa hura kontuan hartuta, agian, errazago uler daiteke sortu eta gutxira EH Bildu koalizioko kide bihurtu izana. "Guretzako, hausnarketa oso naturala izan zen. Ezkerrak egunerokotasunean zituen enfrentamendu eta desilusioak baztertu eta denon elkartasuna bilatu nahi genuen eta EH Bildun sartu edo hau sortzea pauso naturala izan zen", gaineratu du Matutek. "Koalizio honetan onena eta garrantzitsuena da, nahiz eta talde politiko ezberdinak gauden, bakoitzak bere ideia propioa izaten jarraitu ahal duela" dio, bestalde, Encinasek. Etorkizunari begira lan egiteko badagoela onartuta ere, baikor dira. "Talde politiko bati gertatu ahal zaion txarrena da egiteko ezer ez edukitzea. Gauza asko daude egiteko, baina bide beretik jarraitu behar dugu", dio Matutek. " Politika maratoi bat da eta bertan egongo gara txinpartarik gabe gelditu arte", gaineratu du Encinasek.

EUSKAL HERRIKO EZKERRAK BATZEKO KATALIZATZAILE MODUAN JAIO ZEN ALTERNATIBA

Ekitaldiak, apirilera arte

2008ko abenduaren 13an jaio zen Alternatiba, Bilboko Bidebarrieta liburutegian eginiko batzar irekiarekin. Data gogoratzeko ekitaldia egin zen abenduaren 15ean, Bilboko Itsas Museoan. Apirilera arte, baina, hainbat hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, eta horietako bat Arrasaten egin zen pasa den asteartean, Emakumeak jaietan, lotsaren alardea izenburupean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak