Santamasen usainean, derbia Iturripen, gaur

Xabier Urtzelai 2018ko abe. 21a, 15:09

Taldean aldaketa handiak izan eta gero, poliki-poliki martxa hartzen dabilen Ford Mugarri Arrasatek ligako kontrario gogorrenetako baten bisita izango du gaur, egubakoitza, Iturripen: Fagor Industrial talde oñatiarra.

Belaunaldi batetik besterako "trantsizio urte" honi etekina ateratzen hasita dago Ford Mugarri Arrasate, liga hasiera txar baten ondoren arrasatearrek azken bost partiduak jarraian irabazi dituzte eta. Bestetik, Fagor Industrial azken urteotako joera positiboa baieztatzen dabil ligako lehen itzulia amaitzera doan honetan –gaurko partiduarekin amaituko dute lehen itzulia–. Eta bien arteko talkaren testigu izango dira gaur, egubakoitza (20:30), Iturripeko harmailetan batuko diren zaleak.

Protagonistekin berbetan 

Hala, derbiaren gaineko klabeak emateko, Arrasateko Oskar Macias eta Oñatiko Jon Irizar elkarrizketatu ditu Mireia Bikuña kazetariak Arrasate Irratian: "Ez dakit urteko partidurik politena den, emaitza ona edo txarra batzeak eragingo du horretan, baina, zalantzarik barik, bai da urteko partidu berezi horietako bat, liga hasieran egutegia jasotzen dugunean data buruan gordetzen duzunetako bat", dio gaur bisitari moduan jardungo duen Irizarrek.

Oñatiko taldea egoera ezin hobean iritsiko da gaurko derbira: "Liga hasieran sinatuko genukeen gauden moduan egotea, Zarauzko taldearekin batera lehenengo postuan, puntu kopuru berarekin (20). Eta, egia esan, azken asteetan baino ez dugu lortu maila nazionalean fitxa dugun jokalari guztiak batzea, hainbat arrazoi tarteko territorialeko jokalariekin osatu behar izan dugu taldea, eta bistan da emaitza onak batu ditugula".

Larregiko konfiantza barik 

Hala, talde arrasatearrak zortzi puntu gutxiago batu baditu ere, Irizar ez da fidatzen: "Kosta egin zaie liga hasieran izandako aldaketa handien aurrean ostera ere mailari neurria hartzea, baina badatoz behetik gora, eta Urdulizi eta Hondarribiari irabazi izanak erakusten du Ford Mugarri Arrasate bueltan dela".

Arrasatekoak, gogotsu 

Gaurko derbiari begira arrasatearrek beste urte batzuetan baino presio gutxiago izango dute: "Iazko denboraldian igoera faserako sailkatu eta gero, aurtengo helburua talde moduan egiten joatea da, emaitzei horrenbeste begiratu barik. Hori hasieratik barneratu dugu, baina, poliki-poliki, geroago eta hobeto ezagutzen dugu elkar, hasi gara berriro ere kantxan gozatzen eta zelan jokatu gura dugun garbiago izaten. Ez dut esango onenean gaudenik, baina taldea txukun dago derbiari begira".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak